87 kamioi eta 11.400 tona gatz, Neguko Bidezaintza Planaren barruan

Koldo Zubia Salas 2022ko aza. 10a, 11:11

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua (Argazkia: gipuzkoa.eus)

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eman du azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean indarrean egongo den Neguko Bidezaintza Planaren berri, eta 4,8 milioi euroko aurrekontua izango du.  Meteorologiako Euskal Agentziak izotz –edozein mailatan– eta elur abisuak ematen dituenean aktibatuko da –1.000 metrotik behera–. Bidezaintza zentroei dagokienez, iaz abian jarritako Bergarako iparraldeko sarrerako zentroak AP-1 eta A-636 autobideetako beharrei erantzuteko eginkizun garrantzitsua izango duela azpimarratu du Oiarbidek.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu duenez, 2022-2023ko Bidezaintza Planak 4,8 milioiko aurrekontua izango du, azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Meteorologiako Euskal Agentziak izotz –edozein mailatan– eta elur abisuak ematen dituenean aktibatuko da –1.000 metrotik behera–.

Planak Aldundiaren eta Bidegiren 87 kamioi izango ditu, eta horiei, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie. Garabi horiek ibilgailu astun batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko dira.

Gatz kopuruari dagokienez, 11.400 tona egongo dira, 39 gordailutan banatuta. Erakundeen arteko koordinazioa izango da elementurik funtsezkoena Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, lankide izango ditu erakunde hauek: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua eta Arabako eta Bizkaiko aldundiak. Mantendu egiten da arrisku koten aldaketa, iaz egin zena Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalmeten kotetara egokitzeko. Hortaz, zero arrisku maila aktibatuko da elurra 700 metroan egitea iragarrita dagoenean, bat eginez, horrela, plana aktibatzen duenarekin eta errepideetako kotekin.

Bidezaintza zentroak

2022-2023ko Neguko Bidezaintza Plan honek bi zentro nagusi izango ditu: iaz abian jarri zen Bergarako zentroa eta 2020an inauguratu zen Arroa Zumaiakoa. Oiarbidek azpimarratu du oso garrantzitsua dela elurra kentzeko makinak, gatz siloak eta neguan autobideak egoera onean izateko behar diren gainerako elementuak gordetzeko zentroak izatea. "AP-8, AP-1 eta A-636 errepideetarako Bidegiko neguko bideen dispositiboak bi zentro izango ditu. Bata, AP-8rako, Zestoa-Zumaiako sarreran, eta bestea, Bergarako iparraldeko sarrerakoa, AP-1 eta A-636 autobideetako beharrei erantzuteko. Bi zentroek kokapen egokia dute, makinek gure autobideen beharrei ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko".

Kontuz ibiltzeko eskaera

Bidezaintza Planaren helburua lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea den arren, Oiarbidek azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. "Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta, hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin". Orobat, dei berezia egin die ibilgailu astunak gidatzen dituztenei, eta gogorarazi die elurra badago guztiz debekatuta dagoela aurre hartzea eta ezkerreko erreitik joatea. "Ertzaintza arduratuko da debeku hori kontrolatzeaz. Eskaera hori gainerako ibilgailuentzat ere egiten dut: errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia hustea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek lana egin ahal izan dezaten", amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak