Agorrosin kiroldegia da Udalari energia gastu handiena suposatzen dion gunea. Energiaren prezioen etengabeko gorakadak eta beste faktore batzuk aintzat hartuta, Agorrosinerako hartutako neurrien berri eman dute asteon: "Hainbat faktorek eraginda azken urtean ikaragarrizko igoera izan dute gasaren eta argindarraren prezioek. Igoerak guztioi eragiten digu, baita Udalari ere; egoera horren aurrean gasaren kontsumoak murrizteko neurriak hartuko dira, azaroaren 14tik aurrera". Herritar asko erakartzen eta mugiarazten ditu Agorrosinek: 2022ko urrian 3.641 abonatu zituen kiroldegiak, 1.815 emakumezko eta 1.826 gizonezko. Askotariko ikastaroak ere eskaintzen dituzte eta gaur-gaurkoz 964 ikasle daude izena emanda; horietatik 621 emakumezkoak dira eta 343, berriz, gizonezkoak.
Kostua "ikaragarri" handitu da
Azaroaren 14tik aurrera honako hauek izango dira erreferentziazko tenperaturak kiroldegi barruan: igeritoki handiko ura 26 gradutan egon beharko da; igeritoki txikiko ura, 31 gradutan; igeritokiko giroaren tenperatura, 27 gradutan; aldagela hezetan, 22 gradu; aldagela lehorretan, 19 gradu; gimnasioetan, 19 gradu; bainuetxeko ura, 31 gradutan; eta sauna lehor bat ere itxi egingo dute. Agorrosingo gastuak noraino igo diren ulertzera emateko argindarraren eta gasaren datuak eman dituzte Udaletik. 2019an, pandemia aurreko azken urtean, argindarrean 115.937 euro gastatu ziren eta gasaren faktura izan zen 91.258 eurokoa. 2021ean, argindarraren faktura 100.803 eurokoa izan zen, eta gasarena 70.893 eurokoa. 2022an, gaur egungo prezioak aintzat hartuta, Udalaren estimazioa honako hau da: argindarraren faktura 243.099 eurokoa izango da eta gasarena, berriz, 291.605 eurokoa. 2019tik 2022ra elektrizitatearen kostua bikoiztu baino gehiago egin da eta gasarena, berriz, hirukoiztu baino gehiago.
2019an 91.258 eurokoa izan zen urteko gas faktura; 2022koa 291.605 eurokoa izango da
"Hasieratik" hartu dira neurriak
2006an ireki zen Agorrosin eta Udaletik diotenez, "hasieratik" egin dute lan kontsumoak arrazionalizatzeko; adibidez, depurazio bonba efizienteagoak jarri ziren, baita galdara gelako bonbak ere, eta LED argiteria ere jarri zuten. Bestalde, beroketa orduak eta bonbak pizteko ordutegiak ere murriztu egin dituzte, ahal izan duten neurrian. Azken urteetan kontsumo energetikoak nahiko egonkortuta daude –COVID-19a alde batera utzita–, eta orain hartutako neurriekin kontsumoak gehiago jaistea da asmoa.
Hartutako neurriek gasaren kontsumoa jaisteko balioko dute, eta elektrizitatearen kontsumoa jaisteko beste neurri batzuk aztertzen ari da Udala, hala nola, erregulagailuak jartzea depurazio bonben kontsumoa jaisteko, panel fotovoltaikoak ipintzea elektrizitatearen portzentaje bat autokontsumozkoa izan dadin… Hala ere, Udaletik diote hobetzeko aukera badagoela oraindik, eta ardura ere badela erabiltzaileena ere: "Urratsak emango ditugu energia berriztagarrietan, makinaria efizienteagoetan… Baina denok jarri behar dugu gure partetik, dutxetan behar den denbora baino gehiago ez egoten, argiak egoki erabiltzen…".
Berogailu indibidualik ez
Agorrosinez harago, berokuntza sistemei begirako beste neurri batzuk ere iragarri ditu Udalak: udal eraikinetako tenperaturak 19 gradutan egongo dira; udal eraikinetako berokuntza erabilera orduetara doituko da; eta ezingo dira berogailu elektriko indibidualak erabili.
Gabonetako argiak ere murriztu
Kontsumoa aurrezteko beste neurri aipagarri bat da Gabonetako argiak ohi baino tarte murritzagoan egongo direla piztuta aurten. Kontsumoa gutxitze aldera, ohi baino egun batzuk beranduago piztuko dira argiak, eta ordutegia ere murriztu egingo da, kalean jende gutxi dabilen unetan itzalita. Hala, abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra piztuko dira Gabonetako argiak, 18:00etatik 21:30era.