Ainara Urrutia eta David Garcia azkarrenak Antxintxika Krosean

Iñigo Barrena 2022ko aza. 5a, 21:44

David Garcia eta Ainara Urrutia, podiumean.

Zortzigarren aldia du David Garciak lasterketa honen helmugan besoak altxatzen dituela. Bi urteko hutsunearen ostean indarberrituta eta arrakastarekin itzuli da Antxintxika Krosa. Ia 400 parte hartzaile izan dira, horien artean handbike, patinatzaileak, urritasun funtzionala dutenak (gurpildun aulkian) eta atletak.

Bi urteko etenaldiaren ostean, nerbioak eta urduritasuna ziren nagusi Soraluzeko irteeran, baina Irala kaleko helmugak balio izan du zalantza guztiak uxatu eta Antxintxika Krosa, indarberrituta eta arrakastarekin itzuli dela jakiteko. Askorentzat lasterketa kuttuna, faltan bota dutena; berriak zirenak ere gogotsu Soraluze eta Bergara batzen dituen hamar kilometroak osatzeko. Handbike, aulki gurpildunak, urritasun funtzionala dutenak, patinatzaileak, atletak, denentzat lekua, guztira ia 400 pertsonak hartu dute parte.

Lau parte hartzaile Handbikean

Arratsaldeko lau t'erdietan abiatu dira lehenak, handbikearekin, ordu laurden beranduago patinatzaileak eta azkenik arratsaldeko bostak jo dituztenean atletak eta aulki gurpildunak. Hasieratik erritmoa jarri diote lasterketari handbikean irten diren lau parte hartzaileek, horien artean zen Joseba Azkarate, Antxintxikan taldeko kidea. Denak batera hasi diren arren, Jon Galarraga irabazleak beste hirurek baino puntutxo bat gehiago erakutsi du eta gutxianaka beste lasterkariak atzean utzi ditu. 22:24ko denbora eginda helmugaratu da, nahiz eta aitortu duen hasierako intentzioa lasterketa "guztiekin batera" egitea zela, baina jendea atzean geratu dela ikusita aurrera jo du bakarrik helmugaratu arte.

Patinatzaileak ziztu bizian

Ez da baina bera izan arratsaldeko lehena garaipenaren zaporea dastatzen. Ordu laurden beranduago atera dira patinatzaileak, baina ziztu bizian egin dituzte 10 kilometroak, 19:45 denborarekin, Aitor Vacasek hegaz egin du. Hasiera neutrala izan dute Osintxuko zubira iritsi arte, erritmo lasaian ibili dira, baina behin zubia gurutzatuta alde egin du taldetxo batek eta beste erritmo bat jarri dute. Lasterketa azken bi kilometroetan apurtu da, hau da, herri barruan sartu arte. Orduan Vacas-ek erskutsi du nola moldatzen den herri barruko bihurguneetan eta hortxe egin du zuloa atzean zetorrenekiko. Azkenean 12 segundoko aldearekin helmugaratu da Gasteizko patinatzailea eta garaipena eraman du Araba aldera. Bigarren eta hirugarren postua erabikitzeko berriz potho finish-a behar izan da.

David Garcia eta Ainara Urrutia nagusi hasieratik

Hauek helmugaratu orduko Bergarara bidean zeuden falta ziren guztiak. Lasterkariak, patinatzaileak ez bezala erritmo bizian ekin diote hasiera hasieratik eta berehala sortu da taldetxoa gizonezkoetan, nola ez David Garcia bertan zela. Durangarra indartsu hasi da eta kilometroak aurrera joan ahala, zazpi ediziotako txapelduna tartea ateratzen hasi da aurkariekiko eta beste korrikalariak ez ziren gai Garciari jarraitzeko. Ainara Urrutiak ere bide bera jarraitu, hasiera azkar batekin, ondorengo kilometroetan burua hotz manteduz eta lasai korrika eginez, aurretik lortutako abantaila ederki kudeatzen jakin du.

Bien bitartean lasterketaren gehiengoa gozatzen, sufritzen eta ikasten ari zen bidegorrian barrena. Batzuk irribarretsu, beste batzuk aupergi serioarekin, baina guztia helburu berarekin, Irala kaleko azken metroetara indartsu heltzeko gogarekin. Aulki gurpildenean zihoazenak ere erreleboka lan bikaina burutu dute, emaitzak alde batera utzita, denek korrika egiteko aukera dutela erakutsiz. Beste behin azpimarratzekoa aulkiari bultzaka aritu direnen lana.

Lasterketa azken kilometroetan sartuta David Garcia eta Ainara Urrutiak ederki kudeatu dituzte lortutako abantailak eta askorik sufritu gabe egin dituzte azken metroak. Bergarako kaleetan barrena, Garciak, jarraitzaileen hauspoarekin gozatzeko aukera izan du eta Irala kaleko hlemugara bakar bakarrik iritsi da, lana 30:27ko emitzarekin borobilduz eta garaipena zortzigarrenez eskuratuz.  Bigarrena izan da Iñigo Alzola arrasatearra 30:45 denborarekin eta Andoni Gomez bergararrak osatu du podiuma 30:50 denborarekin.

Denbora gutxira iritsi da lehen emakumezkoa helmugara. Ainara Urrutiak 36:18ko denborarekin altxatu ditu besoak. Bigarrena izan da Izaskun Aizpiri 37:50 denbora eginda eta hirugarrena izan da Olatz Manuel 39:00 denborarekin.

Pentsatzekoa den moduan bi irabazleak "oso pozik" agertu dira Goienako mikrofonoaren aurrean. David Garcia oso gustora azaldu da egindako lanarekin. "Nire lasterketa kuttunenetakoa da eta urte batzuk irabazi gabe egon ostean nire motibazio berriz hemen garaipena lortzea zen; gainera ikaragarrizko giroa egoten da".  Ainara Urrutiak ere antzerako gorputzaldia zuen helmugan: "Lasterketa berezia da eta gustatzen zait ona etortzea. Debagoienan horrelako lasterketak antolatzea oso positiboa da".

Boluntarioei esker ona

Sari banaketan, lehenengo sailkatuez gain, bolondresi ere aitortza egin diete. 53 aritu dira aurten lasterketan eta hurrengo ekitaldieatarako deia ere egin dute. Marian Aldamak jaso du aitortza horren saria eta "ez zuela espero" eta "hunkigarria" izan dela adierazi du, sopresaz harrapatu baitio sariak.

Aurtengo edizio arrakastatsua amaituta jada hurrengo urtera begira jarrita daude antolatzaileak, hobetu beharrekoak kontuan hartuz eta indarguneei eutsiz.

Erlazionatuak

Antxintxika Kroseko irudi onenak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022 aza 05 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak