Beste urte batez, Bergarako Udalarekin elkarlanean, Wolfram Encounter ekimena antolatu dute Marijoko eta Game Erauntsia elkarteek, eta, dozenaka lagun bildu dira.
Goizean, Wolfram League of Legends txapelketako finala jokatu dute, eta, arratsaldean, berriz, sormenari zein euskarari lekua emateko asmoz, Gamer Gela izan da protagonista. Hain justu, bertaratutakoek euskarazko bideo jokoak ezagutzeko eta probatzeko aukera izan dute, hori baita, besteak beste, ekimenaren asmo nagusienetako bat.
Bergara, Minecraften
Baina bada gehiago ere, Minecraft jokoa erabilita Bergara eraikitzen aritu baitira urrian zehar zenbait herritar. Herria birtualki ikusteko aukera ematen du horrek, eta egindako lana ere ezagutarazi dute arratsaldean zehar.
Martitzenean, hitzaldia
Martitzenean, berriz, hilaren 8an, gazteenei bideo jokoetan euskaraz ere aritu daitekeela azaltzeko, Utopia? Euskaraz bideo jokoetan aritzea ez behintzat! hitzaldia egongo da Bergarako Seminarixoan, Game erauntsia elkarteko Lander Unzueta eta Maitane Jungituren eskutik, 10:00etan.