Hamaika lanbidetako hamalau emakume elkarrizketatu ditu Jon Abril kazetariak Isildutako eskuak liburuan, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko asmoz. "Gizonek idatzi eta kontatutako historian emakumea alboratua" izan dela jakitun, frankismoan isilaraziak izan zirenei ahotsa eman nahi izan die modu horretan. Euskal emakumeek jardun zuten lan-esparruak ditu hizpide irakurgaiak, haien testigantzetan oinarrituta.
Hala, XVII. mendetik XX. mendera bitartean Bergarako harribitxia izan zen ehungintza sektorearen bilakaera kontatzen du, Felisa Mujika Garitanoren (Bergara, 1923) lekukotza estimatuarekin. Mujika gerra garaian hasi zen San Antonioko Algodoneran lanean, 14 urterekin, eta 27 urterekin utzi zuen lana; hain zuzen, ezkondu baino lehentxeago, emakume ezkonduek etxeko lanetara mugatu behar baitzuten derrigorrez euren egitekoa frankismoan.
Labegaraietako Balento baserrian jaiotako alabarentzat "normala" zen garai hartan neskato nerabeek fabriketan lan egitea. Algodoneran, esaterako, hiru emakumetik batek ez zituen 16 urte beteak.
Urdin kolore bereizgarriko oihalak egiteko prozesuan hiru urrats nagusitzen ziren: haria egin, oihala egin eta oihala tindatu. Emakumeek lehen bi pausoetan hartzen zuten parte. Eskuz tiratzen zuten kotoia, hari bihurtzeko, eta material hori ehundegiko makinetan sartzen zuten Mujikak eta lankideek oihala egiteko. Makinatik ateratakoan, gainbegiratu egiten zuten, haririk edo zuntzik ez zuela ziurtatzeko. Fase horretan, zuri egoten zen oihala oraindik, tindatzea gero egiten zutelako gizonezkoek, kolore finkatzailez betetako kupeletan bustiz.

Generoaren bereizketa
Gizonezkoek lanaldi jarraitua egiten zuten; emakumezkoek, aldiz, zatikatua. Mujikaren arabera, "emakume ezkongabeek etxea gobernatzeko ardura" izaten zutelako egiten zen bereizketa hura: "Hortaz, batzuk 06:00etan sartu eta 10:00etan irteten ginen, etxeko lanak egiteko; 14:00etan itzultzen ginen fabrikara eta 18:00etan lanaldia amaitu; 10:00etatik 14:00etarako txanda beste emakume batzuek egiten zuten, eta haiek ere 18:00etan bueltatzen ziren, eta 22:00ak arte aritu".
Soldatetan nabaria zen genero arrakala, gizonezkoen erdia kobratzen baitzuten emakumezkoek: "Ez zuten oso ondo ordaintzen, baina ederto zetorren etxeko premiak estaltzeko". Gizonak igo zitezkeen kategoriaz; ez, ordea, emakumeak: "Guztiok kobratzen genuen-eta soldata finko berbera".
Bitxikeria moduan, eta etxetik kanpo lan egiten zuten neskak "aurrerakoiak" zirela frogatzeko, Mujikak kontatzen du ahizpen artean nola izan zen prakak janzten zituen bakarra, eta ekintza hura "gizonek gonak edo belarritakoak" jartzearekin alderatzen du.
Ehungintzaren bilakaera
500 urtean landu izan da oihala Bergaran, zenbait materialekin. 1497koa da Errege-Erregina Katolikoen Bergarako oihalgileen ordenantzaren onarpena. XVII. menderako ospetsuak ziren Bergarako oihalak; lihoa zuten orduan lehengai nagusi, harik eta XIX. mende erdian sortutako San Antonioko Algodoneran kotoia erabiltzen hasi ziren arte. Deba ibaiko ura baliabide garrantzitsua izan zen sektorearen bilakaeran, garbiketarako, kardatzeko, tindatzeko eta lurrun-makinen energia sortzeko. Bergarako mahoi urdinak XIX. mende amaieran jo zuen goia, langile-klasearen zabalkundeak lanerako arropen ekoizpena ugaritu zuenean. 36ko gerraren ostean, hamasei ehun-lantegi zeuden herrian, Espainiako laneko arropen %90 ekoizteko gaitasunarekin. XX. mende bukaerako deslokalizazioek Algodonera ixtea ekarri zuten, eta Tavex enpresak jarraitu zuen galtza bakeroak esportatzen, 2010era arte. Hamabi urte dira, beraz, Bergarako nortasunaren parte den oihalgintza eten zela.

