Intentsitate txikiko laguntza behar duten pertsonendako arreta zentroa gertu dago, eta datorren eguenean zabalduko ditu ateak. 65 urtetik gorakoek eta mendekotasun arrisku edo mendekotasun arin egoeran dauden pertsonek egunean zehar erabiltzeko ekipamendua da. Eta, ekipamendu horren bitartez, premia espezifikoekin lotutako intentsitate txikiko laguntza eskainiko dute zentroan.
Helburuak, zehaztuta
Arreta zentroak izango dituen helburuak zehaztuta ditu Udalak: "Erabiltzaileen autonomiari eustea, beren ohiko ingurunean mantentzen eta gizarteratzen laguntzea eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatzea. Bestetik, harremanak lantzea, normalean bakarrik edo lan egiten duten senideekin bizi diren pertsonekin. Eta erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea, prebentzio eta jolas-jarduerekin eta arreta pertsonalizatuarekin". Horretarako erabiltzaileen jarraipena eta balorazioa egingo dute zentroan. "Estimulazioa edo errehabilitazioa lantzeko esku-hartzea ere aurreikusten da, trebetasunen garapena eginez, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko gaitasunak estimulatzeko jarduera eta ariketa sinpleen bitartez.
Hezitzailea ere izango da, aisia, hezkuntza eta kultura-jarduerak eginez. Laguntza emozionala ere emango da, gizarte-harremanak eta harreman pertsonalak izateko edo ezartzeko trebetasunak eskuratzeko eta harremanak ezartzeko aukerak sortzeko laguntza eskainiz". Hala, Udaletik adierazi dutenez, erabiltzaileak Arin zentrora joateko ez da garraio zerbitzurik eskainiko. Hala ere, herribus zerbitzuak geraleku bat dauka zentroaren ondoan, eta, hain zuzen, garraiobide hori erabiliz joan daiteke bertara.

Erabiltzaileentzako baldintzak
Arin arreta zentroa erabili ahal izateko baldintzak ere zehaztu dituzte, eta hiru dira: Bergaran erroldatuta egotea, 65 urte edo gehiago edukitzea eta menpekotasun-arriskuan edo egoeran egotea –lehen maila, mendekotasun balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak–. Hala, erabiltzaileak duen egoera ekonomikoaren arabera ordainduko du zerbitzuagatik, eta hilean 5 euro eta 60 euro arteko kuota izango da.