Arin zentroaren harira, EAJk kritika egin dio Udal Gobernu taldeari

Xabier Urtzelai 2022ko aza. 3a, 11:34

Ezkerretik hasita, Irune Galarraga, Maite Agirre eta Esther Ortiz de Zarate.

EAJk ohar bidez gogorarazi du euren proposamena izan zela Arin eguneko udal arreta zerbitzua abian jartzea: "EH Bilduren Udal Gobernu Taldeak erakutsi du bereak ez diren proiektuak bereganatzeko duen beharra: Arin eguneko udal arreta zerbitzua, esaterako". 

Bergarako EAJren esanetan Udal Gobernu Taldeak betetzera doazen lau urte hauetan proiektu eta kudeaketa gaitasun falta erakutsi du. Hala, alderdi jeltzaleak gogora ekarri nahi izan du, egun martxan dauden proiektu gehienak aurreko legealdian hasitakoak direla: "Zubieta-Masterreka edota futbol zelaia dira horietako bi. Baita ere, amaituta dagoen Labegaraietako kiroldegi berria. Azpimarratu nahi dugu EAJtik orduan egin genuen lanari esker iritsi garela puntu honetara. EH Bilduren Udal Gobernuak zailtasunak ditu kudeaketarako, eta proiektu hauekin ikusi da berak proposatu ez dituen proiektuak bereganatzeko beharra duela".

Bada, jeltzaleek oharrean adierazten dute EAJ Udal taldeak 2020ko abenduan eskatu zuela proiektua publikoki martxan jartzea, lanketarako mahaia sortzea eta 2021eko aurrekontuetan txertatzea: "Konpromisoa hartu zuten, baina beste behin, hitzak haizeak eraman zituen. Azkenean, 2022ko aurrekontuetan, idatziz jaso behar izan genuen zerbitzua martxan jartzeko konpromisoa. Eta, badirudi, ia bi urteren ostean, pausoak emango dituztela". Aurrekoari jarraikiz, EAJk gogorarazi du EH Bilduren Udal Gobernuak, beste behin, konpromisoa hartu zuela 2022an hirugarren adinera bideratutako etxez-etxeko gaueko zerbitzua zabaltzeko aukera aztertzeko: "Euren helburua zen 2023an garatu ahal izatea, baina beste behin, kudeaketa falta agerian geratu da. Ez dute inongo aurrerapausorik eman eta legealdia amaituko zaie lanean hasterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak