Ortuan nola aritu jakiteko ikastaroa jaso dute goizean Bergarako ortu komunitarioen erabiltzaileek. 75 lursail banatu dituzte eta bakoitzarena non dagoen ikusten ere ibili dira.
Furgobaratza zerbitzu ibiltariko Aitziber Otegik eskaini du ikastaroa. Urria bukatzear den garaia izanik, udazkenean landatu daitezkeen landareak eraman ditu, horiek adibide moduan jarrita lurra nola prestatu eta landareak nola zaindu erakusteko. Arretaz entzun dituzte azalpenak eta batek baino gehiagok apunteak ere hartu ditu koadernoan. "Konstantzia eskatzen du ortuan aritzeak. Baina hobe da astean hirutan joatea eta aldiro ordu erdiz aritzea, astean behin eta bertan bost orduz aritzea baino. Gorputza hobeto egokituko da gutxika egindako lanera eta landareen eboluzioa jarraitzea ere errazagoa da horrela. Adibidez, plaga batek harrapatzen baditu, ahalik eta azkarren artatzea izango da onena; gutxitan joanez gero, beranduegi izan liteke".
Nola landu, zenbatero ureztatu edo zein tresna erabili ere erakutsi die. "Oso ohiko akatsa izaten da larregi ureztatzea. Askoz hobea da lur gaina baratzeko tresna batekin sarri jorratzea, landarea askotan ureztatzea baino. Arnasa hartu behar du lurrak, jorratu ezean gogortu egiten da gainera eta gainera ura botaz gero, irrist egin eta kanpora joaten da gero".
Hilean behin
Gehiagotan ere etorriko da Furgobaratza zerbitzu ibiltaria ortu komunitarioak dauden gune honetara. Asmoa da hilean behin etortzea; azaroan izango da hurrengo bisita eta udaberrian gerokoa. Furgobaratza datorrenean, sasoiko produktuen landareak ekarriko dituzte erabiltzaileak erosi gura izanez gero, eta edozein zalantza argitzeko aukera ere eskainiko dute.