Iban Borgas dj-a hasi zen Bergarako Seminarixoa aretoko arkupeak girotzen. Lagunak, familiak, taldekideen jarraitzaileak… bertan batu ziren. Lau emanaldien aurretik, musikazaleak berotzeko, bera izan zuten oinarri, eta, lortu zuen, gainera, helburua. Ondoren hasi ziren musika lehiaketako partaideak 30 minututara mugatutako emanaldiekin.
Estilo ugari, dena emanez
Gaueko lehenengo saioa, berriz, Eyharts bikote bergararrak hasi zuen. Alain Carazok eta Jokin Guridik argi-soinuen nahasketa berezi bezain txukuna eskaini zuten Seminarixoko oholtzan. Ikus-entzunezko elektroniko saioak harrera aparta izan zuen, eta kontzertu gaua irekitzeko proposamen landua izan zen. Ondoren, Inguma talde oñatiarra igo zen oholtzara. Oi! doinuak eskaini zituzten, Oñatiko gazteek, eta, konkretuki 27 minututako emanaldia eskaini zuten. Saioa prestatuta eramanda, jarrera apartarekin animatu zituzten bertaratutakoak.
Atsedenaldian, Iban Borgasen txanda izan zen berriro. Kasu honetan, arkupeak emanaldien hasieran baino gehiago bete ziren, eta dantza egiteko gogoz ere azaldu ziren zenbait musikazale.
Ondoren, kontzertuen bigarren zatiari hasiera emateko, 112 taldeko musikariak igo ziren oholtzara. Lagunek ondo babestuta, eta animoak ematen, saio ederra eskaini zuten arrasatearrek; baita, WC, beraien aurreko taldearen kanturen bat eskaini ere, publikoak eskatutakoa. Gauari amaiera emateko, berriz, Letagin talde oñatiarrak saioa ederra eskaini zuen. Gitarra doinu landuak izan ziren entzungai, punteo rocknrolleroak, eta oholtza ginean esperientziadunak direla demostratu zuten.