Domu Santu Eguna hurbiltzearekin batera, Gau Beltza antolatu dute, Jardun euskara elkarteak sustatuta, Bergarako Udalak, Ugutz Toursek, Bedelkarrek, Ndank Ndankek, San Joxepe elkarteak eta Musika Eskolak. Urriaren 19an hasi ziren, tailerrekin eta hilaren 31ra bitartean egingo dira jarduerak. Duela urte batzuk, Jardunek kudeatzen dituen ludoteketan Arimen Gauaren lanketarekin hasi ziren, baina euskara elkarteak adierazi du herri mailan halako ekimena antolatzen den bigarren aldia dela.
"Herriaren eta bertako eragileen parte hartzea" oinarri hartuta, hainbat helburu landu nahi dituzte festa honekin, hala nola euskararen erabilera indartzea, berdintasuna bermatzea, inklusibitatea lantzea, naturarekiko harreman orekatua izatea, herriko tradizioak ezagutu nahiz berrasmatzea eta euskal identitatea lantzea.
Bertako tradizioak oinarri
Bada Gau Beltza Halloween-en eraginez sortu dela pentsatzen duenik, baina ez da hala, antolatzaileen esanetan, udazkenetik negurako egunen bueltan hainbat erritu egin izan baitira Euskal Herrian: "Gurea den festa dela sentitzea eta harro egotea nahi dugu, herriko haurrak eta nerabeak protagonista izan eta ospakizuna herrian elkarrekin sortzea".
Erritual batzuk mantendu badira ere, beste batzuk urteen poderioz galtzen joan dira. Horregatik, azaldu dutenez, tradizioa berreskuratu eta ohitura berriak sortzeko ahaleginean hasi dira udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen hainbat herri.
Bergarar guztientzako egitaraua
Proiektua herri osoari zabaltzeko asmoz, egitarau zabala prestatu dute, beste herri batzuetan egindako ideiak jasota eta Bergararako egokiak iruditu zaizkienak moldatuta. Horrekin batera, Jardunetik aurreratu dute Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzaren harira antolatutako ikastaro batean hartu zuela parte: "Bertan landutakoak eta ikasitakoak guztia errazago egiten lagundu digu".
Gaur, bihar eta etzidamu egingo dira jarduerak. Gaur, esaterako, dendetan gozokiak banatuko dituzte. Bihar, berriz, fataia dastaketaz, musika ekitaldiaz eta txokolate-janaz gozatzeko aukera egongo da San Martin plazan. Eguna biribiltzeko, Gau Beltzeko kalejira eta Deabru Beltzak taldearen Su danborrak ikuskizuna izatekoak ziren, baina bertan behera geratu dira. Astelehenean izango dira LH-4tik LH-6rako ikasleei zuzendutako Beldurraren Etxea eta Ugutz Basaurik hezur-haragitutako Bautista Leprosuaren bisita gidatua; euskaraz 21:00etan eta gaztelaniaz 23:00etan. Doakoa da, baina plaza mugatuak dira. Horregatik, izena eman behar da ugutztours@ gmail.com helbide elektronikoan edo 659 75 34 30 telefonoan.
Gau Beltza jaiaren egitaraua
Antolatu diren jarduerak:
Urriak 28
- 17:30 Umeentzako tailerrak San Martin plazan.
- Egun osoan, gozoki banaketa komertzioetan.
Urriak 29, San Martin plazan
- 11:00 Fataia dastaketa.
- 11:30 Umeendako tailerrak.
- 18:00 Musika Eskolako talde instrumentala eta abesbatza.
- 18:30 Txokolate-jana
Urriak 31
- 18:00 Beldurraren etxea.
- 21:00 eta 23:00 Bautista Leprosuaren bisita gidatua.