Alberto Alonso: "Analisia besterik egiten ez duen Udal Gobernua da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko aza. 1a, 09:58

Alberto Alonso, Bergarako PSE-EEren egoitzaren atarian. (Argazkia: PSE-EE)

PSE-EEko legebiltzarkide eta Bergarako zinegotzi, eguneroko lanpetua dauka Alberto Alonsok (Oñati, 1976). Luze eta zabal dihardu amaitzera doan agintaldiaz. Eta, azken egunotako osasun arazoak gainditu ostean, "oso gogotsu" dago lanean jarraitzeko, oraingoz alkategai aurkeztuko den zehaztu ez badu ere: "Ez dago nire eskuetan bakarrik".

Ze balorazio egiten duzu agintaldiaz?

Oso agintaldi bizia izan da. Nork esango zigun hilabeteetan zehar gure etxeetan konfinatuta bizi beharko genuela eta egunero elkartu beharko genuela gure kaleetako egoera gogorraren berri izateko. Dena den, balantzean, paralisian dagoen gobernu bat ikusten dut, analisia besterik egiten ez duena. Txostenak agintzean, kontsultetan eta hausnarketa estrategikoetan oinarritutako kudeaketa egiten du, baina ez da gai herritarren egunerokoari kasu egiteko.

COVID-19a izan da protagonista. Egoera berria bezain gogorra, ezta?

Oso gogorra izan zen. Perspektiban ikusita, nolabaiteko irrealitatearen sentsazioa ematen dit. Gogoan ditut gainerako taldeetako ordezkariekin, alkatearekin, udaltzainekin eta Udaleko gainerako arduradunekin egunero izandako bilerak. Erabakiak azkar hartu behar izatea; baina gure araudia ez dago horretarako prestatuta. Osoko bilkurak etxetik, kalean zer gertatzen ari zen ezin jakinik. Oso gogorra izan zen guztiontzat; gure bizitza markatuko du luzaroan. Ordezkari publiko moduan nola bizi izan zenuen pandemia? Oso kezkatuta. Urte asko daramatzat politikan eta, batez ere, sindikalgintzan. Krisi sakonak bizi izan ditut, hala nola 2008koak eta 2010ekoak; tentsio handiko uneak, lankideen lanpostuak eta soldatak jokoan... Baina sekula ez dut pandemian sentitu nuen beldurra eta kezka sentitu.

Utzi digu ondoriorik COVID-19ak?

Nire ondorio nagusia da oso testuinguru konplexuan bizi garela, eta ez dagoela irtenbide magikorik. Hainbat gairen arteko lotura konplexua dugu: aldaketa globala –hiperkontsumoan oinarritutakoa– eta baliabide natural finituen xahutzea –hala ere, inoiz amaituko ez balira bezala ustiatzen jarraitzen dugu–; gure bizitzak aldatzen ari den klima-aldaketa; aldaketa kultural sakona, uniformizaziorantz jotzen duena...

Udal Gobernuak ondo erreakzionatu zuen pandemiaren aurrean?

Ez nuke bidegabea izan nahi, egoera oso konplexua izan zen. Gobernuak asmatu egin zuen egunero larrialdiko mahai bat deitzean, eta udal taldeetako bozeramaileok ere mahai horretara joaten ginen. Erabaki desegokiak, baina, geroago etorri dira. Susperraldirako neurriak hartzeko garaia iritsi denean, Udala blokeatuta geratu da, bere zilborrari begira, txostenen, planen eta azterlanen zain.

"Txostenak agindu ditu Udal Gobernuak, baina ez dio kasu egin herritarren egunerokoari"

Nolako harremana izan duzu oposiziotik Udal Gobernuarekin?

Pertsonen arteko harremanei dagokienez, harremana ona izan da; gutxitan galdetzen zaigu horien inguruan, eta uste dut interesgarria dela harreman horiek existitzen direla jakitea. ETAren amaieratik 11 urtera bakarrik esan daiteke pertsonen arteko harremanak onak direla, eta uste dut zintzoak direla. Harreman politikoei dagokienez, gehiengo osoa duen gobernu batekin egin dut topo. Gobernu horri enpresaburu txarrei bezala gertatzen zaio, ez baitaki informazioa eta parte-hartzea bereizten. Egingo den guztiaren –edo ia guztiaren– berri ematen zaigu. Hori egia da... baina oso bestelako gaia da neurri horietan parte hartzea.

Lortu duzue akordio aipagarririk?

2021eko aurrekontuak adostu ditugu, familia ahulenei eskola-materiala erosten laguntzeko neurri garrantzitsuekin, etxebizitzak birgaitzeko eta eraikin eta azpiegitura publikoak desamiantatzeko laguntzekin.

Zertan ez zarete ados jarri zuentzat lehentasunezkoak diren gaietan?

2022ko aurrekontuetarako akordioa urrundu egin zen, sozialistok udal zergak izoztea defendatzen dugu eta. Ez da esate hutsagatik. Sozialistok gobernatzen ditugun udaletan egin dugu; Eibarren, Zumarragan eta Irunen, adibidez. Guretzat, hain testuinguru gogorrean, udal zergak izoztea marra gorria zen.

"Sozialistok gobernatzen dugun herrietan zergak izoztu ditugu; marra gorria zen"

Ze iritzi duzue Larramendiko plantaz?

Eztabaida sakona da, eta sozialistek lasaitasunez eta ahalik eta informazio gehienarekin egin nahi diogu aurre. Eztabaida ez da bakarrik plantari bai edo plantari ez. Euskadin zer eredu ekonomiko eta sozial nahi dugun izan behar da eztabaidaren ardatza. Ezin dugu goizean gure industria, bere enpleguak, gure ekonomian duen pisua babestu, eta gero, arratsaldean, industria horrek berak sortzen dituen hondakinen aurka azaldu.

Zeintzuk dira zuen lehentasunezko proiektuak Bergararako?

Energia-eraginkortasuneko eta aurrezteko neurri guztien aldeko apustu sendoa egingo duen Bergara bat nahi dugu, Debagoieneko beste herriekiko interkonexio iraunkorraren aldeko apustua egingo duena. Mugikortasun jasangarriko plan batekin, eta bere ekonomiaren elektrifikazioaren aldeko apustu sendoa egingo duen Bergara. Mugikortasun elektrikoa ezartzeko era guztietako erraztasunak jarriko dituena, eta bere enpresei eta autonomoei lagundu diezaiela eraginkortasun handiagoa lortzeko. Ukrainako gerrak eztabaidak eta ezegonkortasunak sortu ditu, denbora luzean geratzeko etorri direnak.

PSE-EEko alkategaia izango zara 2023ko udal hauteskundeetan?

Ez dago nire eskuetan bakarrik. Hori bai, ni beti egon naiz prest nire alderdikideek eskatzen didatenari erantzuteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak