Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak, azaroaren 2tik 13ra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 21a, 10:24

ZTB jardunaldien aurkezpena, atzo.

Atzo aurkeztu zituzten 2022ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiak. Udalak, Laboratorium museoarekin eta beste hainbat eragilerekin batera antolatu dituzte aurten ere jardunaldiok; aurtengoak bereziak dira, urte osoan zehar ere ZTB markapean jarduerak egiten ari baitira. Ohiko jardunaldiak azaroaren 2tik 13ra egingo dira; zortzigarren edizioa izango da aurtengoa. 

Seminarixoan egin den Makinek euskaraz hitz egiten badakite? Eta Bergarakua ulertzen dabe? hitzaldiaren sarrera baliatu dute jardunaldien aurkezpena egiteko Gorka Artola Alkateak eta Rosa Errazkin Laboratorium Museoaren arduradunak. Gaurko hitzaldia Elhuyar Fundazioko Hizketa Teknologien arloko arduradun Igor Leturia Azkaratek eta Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal Arrietak.

Jarduerak urte osora zabaldu izanaren arrazoia azaldu du Gorka Artola alkateak: "Gure etorkizuna zientzia, teknologia eta berrikuntzari lotuta egongo denaren zalantzarik ez daukagu, eta horregatik, bultzada eta indartze berezia eman nahi diogu kultura zientifikoaren dibulgazioari, eta ildo horretan Laboratoriumek egiten duen lana indartu"

Eskerrak emateko ere baliatu du hitzartzea Artolak: "Eragile eta norbanako askoren izugarrizko lana dago atzean. Eta baita egiten den proposamenari erantzuten diozuen pertsona guztiei ere, izan ere, alferrikakoa litzateke proposamenak egitea eta harrerarik ez izatea. Eta oso harrera ona izaten dute jarduera hauek, bai norbanakoen aldetik, baita zientziari lotutako profesionalen artean, eta zer esanik ez, hezkuntzaren arloan".

Asko eta askotariko jarduerak proposatzen dira, Laboratoriumeko arduradun Rosa Errazkinen arabera:  "Zientziaren eta berrikuntzaren bueltan beti, baina interes desberdinak dituzten pertsonentzat". Egitaraua ikusgai dago ztbergara.eus webgunean, eta batzuk nabarmendu ditu.

Jarduera zehatz bat ez, multzo bat aipatu du Errazkinek: hezkuntza eskaintza. Urtez urte gero eta arrakasta handiagoa duen eskaintza da: "Aurtengorako eskaintza handia zelakoan geunden, baina gehiago zabaltzea aztertzen ari gara, jaso dugun eskaera handiari erantzuteko asmoz, uste baitugu gaztetatik kultura zientifikoa barneratzea ezinbestekoa dela". Eta horregatik ikastetxeei eskerrak eman dizkie.

Eta zehazki jarduera batzuk ere aipatu ditu. Esaterako, azaroaren 2an, Seminarixoan bertan, Lazpiur enpresako zuzendari exekutibo Ander Aranbururen Elektromobilitatea automozioan hitzaldia. Horrekin abiatuko dira jardunaldiak

Bi erakusketa jarriko dira, horietako bat jardunaldien daten barruan, azaroaren 3an Laboratoriumen zabalduko den Hondakin jasangarriak: Fikzioa ala errealitatea?

Wolfram Encounterra ere egingo da aurten, Wolfram 2022 LOL Txapelketarekin. Azaroaren 5ean, Zabalotegi Aretoan, egun osoan zehar.

Bigarren urtez, bailarako gazte ikertzaileei ere lekua egingo zaie, hitzaldi-sorta batekin. Azaroaren 10ean izango da, Seminarixoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak