Asier Perez: "Itzela da 50 urtez igeriketa taldeari eustea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 22a, 08:32

Asier Perez entrenatzailea Agorrosingo igerilekuan, eguazten arratsaldean.

Bergara Igeri Elkarteak 50. urteurrena beteko du gaur, urriak 22, Azpeitian abiatuko duten denboraldian; 60 bat igerilari izango dituzte denboraldi honetan, ahalik eta gehien lehiaketetan izatea helburu dutela.

2018an hasi zen Bergara Igeri Elkarteko entrenatzaile Asier Perez (Bergara, 1998), eta, gaur egun, talde guztien ardura dauka; benjaminetatik hasi eta junior mailara arte, 60 bat igerilarirekin dihardu. Elkartearen 50. urteurrena ospatuko dute denboraldi honetan; atzera begiratuta egindakoaz harro, ilusioz begiratzen diote etorkizunari.

Mende erdia beteko duzue aurten. Bada zerbait...

50 urtez, etenik gabe, igeriketa moduko kirol baten taldea mantentzea bera sekulako lorpena da. Ez dakit zein izan den sekretua, baina bai dela harro egotekoa. Lan ona egin da eta egiten da; ikustea besterik ez dago, adibidez, proba bat Bergaran antolatzen denean nola inplikatzen diren igerilarien gurasoak eta gertukoak.

Igerilari kopuruari dagokionez, nolakoak izan dira azken urteak?

Atzera begiratuz gero, orain bertan Bergarako taldea ere ez dago bere onenean. Bailarako beste herri batzuekin alderatuta, betidanik izan ditugu igerilari gehiago; gogoan dut entrenatzaile sartu aurretik egon zirela urte batzuk kopuru baxuekin... Hori ikusita, orain bertan ez gaude kexatzeko.

Lorpenei dagokienez, ze igerilari nabarmendu da azken urteotan?

Iaz, Ane Alberdik Espainiako txapelketarako sailkatzeko gutxieneko marka lortu zuen. Lorpen oso handia izan zen, urte mordoa zirelako ez zela halakorik lortzen. Anerentzat itzela izan zen, baina taldearendako sekulako albistea izan zen. Aurten ere lehiatuko da, infantil mailan.

Oro har, zeintzuk dira denboraldi berrirako helburu nagusiak?

Bergarako taldeko entrenatzaile naizenetik nire lehen helburua da igerilariek ondo pasatu dezatela, talde moduan ondo funtzionatu dezatela eta giro ona izan dezatela. Behin hori lortuta emaitzak badatoz, ondo baino hobeto. Gipuzkoako txapelketara begira ahalik eta igerilari gehien eroateko ari naiz lanean, gutxieneko markak ez direlako oso zorrotzak; izan ere, zenbat eta igerilari gehiago eroan txapelketetara, orduan eta entrenamendu giro hobea lortzen da. Hau da, marka bat lortzeko lehiatzen ari dena askoz motibatuago etortzen da entrenamenduetara marka bati begira ez dagoena baino. Emaitza handirik lortu barik ere, oso garrantzitsua da igerilariek helburu zehatz bat izatea.

Eta zeintzuk izango dira egutegiko hitzordu nagusiak?

Zapatu honetan bertan [gaur, urriak 22] hasiko dugu liga, proba izango dugu-eta Azpeitian. Hala ere, guretzat esanguratsuenak izango diren probak ez dira 2023ko otsailera arte izango; otsail hasieran Gipuzkoako txapelketa jokatuko da eta handik bi astera, Euskadikoa. Biak antolatuko ditugu Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak