Bergarako EAJ: "Argi daukagu ez dela zergak igotzeko unea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urr. 20a, 15:45

EAJko zinegotzi Maite Agirre, Angel Murgiondo eta Martin Etxaniz, asteon, batzokian. (Argazkia: EAJ)

Urriaren 24ko osoko bilkuran onartzekoak diren 2023rako ordenantza fiskalen bueltan, EAJk uste du ez dela momentua EH Bilduren Udal Gobernuak proposatzen duen %4ko igoera orokorra aplikatzeko: "Ezin ditugu herritarrak gehiago estutu".

Bergarako EAJko udal taldea ez dator bat EH Bilduren Udal Gobernuak 2023ko ordenantza fiskalen harira egindako proposamenarekin. Udal Gobernuak "herritarrei kalitatezko udal zerbitzuak" eskaini ahal izateko 2023ko udal zergak eta tasak, oro har, %4 igotzea proposatu zien oposizioko taldeei. Proposamen hori egiterakoan, Udal Gobernuak gogora ekarri zuen 2022. urterako eta 2022-2023ko ikasturterako igoera %3,3 izan zela, eta KPIa %6,5ekoa zela orduan, eta gaur egun KPIa %9an dagoela.

Hala ere, EAJk "argi" dauka ez dela igoerarik egiteko momentua, eta zergak izozteko eskaera egin diote EH Bilduren Udal Gobernuari: "Argi daukagu, ez da igoerarik egiteko momentua. Negua badator, eta badirudi gogorra izango dela guztiontzat, herritarren ondoan egon behar dugu. Udalak ezin du herritarra gehiago estutu".

Aurreikusitakoa baino 800.000 euro gehiago jasoko dira Diputaziotik, EAJren arabera

Izan ere, jeltzaleen ustez, zergak izoztu arren, Udala eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gai da, eta bestelako zerbitzuak gehitzeko arazorik ere ez luke izango: "Alegia, kudeaketa eraginkorrarekin eta planifikazio zehatza izanez gero, Udala 2023an etorriko denari aurre egiteko gai izango litzateke, zergak izoztuta ere. Baina, noski, berriz ere EH Bilduren politika agerian geratu da: kudeaketa eraginkorra egin ordez, bide errazena aukeratu dute, herritarren egoera aintzat ez hartzea eta zergak igotzea".

Foru funtsa, inoizko handiena

Bestalde, EAJk azpimarratu du Diputaziotik inoizko diru sarrerarik handiena lortuko duela Udalak, Foru Funtsaren bitartez: "Udalak 11.962.243 euro jasoko ditu Foru Funtsetik. Horrek esan nahi du 2022an aurreikusitakoa baino 800.000 euro gehiagoko diru sarrera izango duela 2023an. Kopuru hori egoki kudeatuz gero, Udalak arazorik gabe jarrai dezake kalitatezko zerbitzuak eskaintzen, baina hor dago EH Bilduren arazoa eta gabezia".

Gerakina ere badagoela diote

EAJk gogoratu du, bestetik, Udalak baduela gerakina datorren urteko erronkei heltzeko: "2023an Udalak izango dituen erronkei aurre egiteko beste diru sarrera bat izango du, eta arlo honetan ere kudeaketa ereduak berebiziko garrantzia izango du. Momentu honetan, esfortzua Udalak egin behar duela uste dugu, eta ez herritarren gain beste zama bat jarri". Horrez gain, Udalak azken 25 urteetan egindako tasa, zerga eta prezio publikoaren igoerak ere kontuan izan beharrekoak direla gaineratu dute: "Igoera horiek KPIaren aldaketen gainetik doaz, %7 altuago. Beraz, aurten igoerarik ez aplikatzeak ez luke atzerapenik ekarriko".

Negoziazioetan oraindik

Negoziazioetan ordenantzak ez igotzearen alde "azken unera arte" lan egingo dute jeltzaleek: "Erantzukizunez jokatu behar dugu egungo egoera ekonomikoaren aurrean, bergararrak eta sektore ekonomikoa hasiak dira-eta prezioen igoeraren ondorioak jasaten. Bergararren erosteko ahalmenean eta haien negozioen kostu finkoetan eragina izaten ari da igoera. Udal-zergak ez igotzearen helburua da inflazioaren eragina murriztea, nahiz eta Udala ere nabaritzen ari den haren ondorioa. Horrek behartzen gaitu baliabideak eraginkortasun handiagoarekin kudeatzera, eta hor agerian geratzen da EH Bilduren ahulezia eta gaitasunik eza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak