Sari banaketarekin eta alzheimerraren inguruko hitzaldiarekin eman diote hasiera Kulturaldiari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 14a, 19:54

20 lagun bildu dira Koldo Aulestiaren 'Alzheimerrarekin elkarbizi' hitzaldian. (Argazkia: I.A.A..)

Gaurtik hilaren 22ra ospatuko dute aurten Kulturaldiaren XXIV. edizioa San Joxepen Normaltasunera hurbiltzen leloarekin. Askotariko ekintzak antolatu dituzte; tartean, hitzaldiak, txangoak, antzerkiak eta herri bazkaria. Arratsaldean, 20 lagun inguru bildu dira Koldo Aulestiak eskaini duen alzheimerraren inguruko jardunaldian.

Hogeita laugarren aldiz antolatu du Kulturaldia San Joxepe elkarteak, eta gaur hasi eta hilaren 22ra arte era guztietako jardueretan parte hartzeko aukera izango dute jubilatu eta pentsiodunek. 15:30 izan da aurreneko ekitaldia; zehazki haurren sari banaketa. Antolatzaileek adierazi dutenez, Aranzadi ikastolako, Mariaren Lagundiko eta San Martin Herri Eskolako ikasleek hartu dute parte ekimenean. Arratsaldeko seietan, berriz, Alzheimerrarekin elkabizi hitzaldia eskaini du AFAGI-ko (Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen elkartea) presidente Koldo Aulestiak.

Duela bost hilabete inguru berritu zen batzordea, gaur egun, Nestor Inurrieta da San Joxepeko presidentea. Hark adierazi duenez, batzordekide zaharren laguntza izan dute aurtengo egitaraua antolatzerako orduan. Inurrietak dioenez, kontsumitzaileen ikuspegia hartu dute aintzat, euren nahia baita "elkarteko bazkide eta jubilatuei laguntzea". Horren adierazle dira, esaterako, antolatu dituzten hiru hitzaldiak. Bata, gaurkoa, alzheimerrarena; bestea, OCU-ren Bilboko Kepa Loizaga ordezkariak emango duen energiaren fakturaren ingurukoa, eta, azkenik, Gipuzkoako Foru Ogasuneko ordezkari Juan Carlos Gonzalez hizlari izango den Oinordetza eta dohaintzak saioa.

Halaber, bazkariarekin amaituko dute Kulturaldia hilaren 22an eta Argazki lehiaketako sariak, oparien zozketak eta dantzaldia egingo dituzte. Halaber, Inurrietak bazkarian parte hartzeko deia egin die pentsiodun eta erretiratuei.

'Alzehimerrarekin elkarbizi'

20 lagun inguru bildu dira, gaur arratsaldean San Joxepen AFAGI-ko Koldo Aulestiaren hitzaldia entzuteko. Alzheimerraren inguruan mintzatu da, baina ez bakarrik gaixoaz, baita horien inguruko familia eta zaintzaileez ere. Bere hitzetan, "arazoa ez du jasaten gaixo dagoenak bakarrik. Inguruak ere sufritzen du eta azpimarratu behar da zaintzaile nagusia, gehienetan emakumea dena". Gainera, nabarmendu du gizarteko arazo sozio-sanitario "potolo baten aurrean gaudela". 

Azpimarratu du, oraindik publikoki  gaixotasun honetaz hitz egitea kostatzen dela, "estigma" duela: "Gure erronka hori gainditzea da". Alzheimer kasuen aurrean, informazio asko badago ere, ondo informatu behar dela dio: "Gipuzkoa osoan ditugu bulegoak; hemen, esaterako, Arrasaten. Elkarrizketa sakonak egiten ditugu kezka eta beldurrak azaltzeko eta profesionalek laguntza jasotzeko". 

Egitaraua

Datozen egunetan hurrengo ekitaldi eta jardunaldiak egingo dira Kulturaldiaren barruan:

  • Urriak 15: Helduen martxa Debatik Mutrikura.
  • Urriak 17: Energiaren faktura hitzaldia, OCU-ren Bilboko Kepa Loizaga ordezkariaren eskutik (18:00, San Joxepen)
  • Urriak 18: Tolosara txangoa (09:30ean irteera autobus geltokitik)
  • Urriak 19: Microteatros antzezlana (17:00, Seminarixoan)
  • Urriak 20: Oinordetza eta dohaintzak hitzaldia, Gipzukoako Foru Ogasuneko Juan Carlos Gonzalez ordezkariaren eskutik (18:00, San Joxepen)
  • Urriak 21: Mus, Tute eta Briska txapelketa (15:30, San Joxepen)
  • Urriak 22: Herri bazkaria eta dantzaldia (14:00tik aurrera, San Joxepeko Aitonak jatetxean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak