Ostiralean hasiko da Danbaka Musika Lehiaketa

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko urr. 12a, 21:00

Ostiraleko lehen kontzertuko taldeak, ezkerretik eskumara eta goitik behera: Lemak, Kiimak, The Clayton eta Jasan.

Ostiral honetan, urriaren 14an, emango zaio hasiera Bergarako Seminarixoa aretoan, Danbaka Musika Lehiaketari. Hogei taldek hartuko dute parte. Abenduaren 16ra bitartean, bost kontzertu antolatuko dira eta bakoitzean lau taldek joko dute. Lemak, Kiimak, The Clayton eta Jasan ariko dira lehen kontzertuan.

12 urteren ostean, bueltan dator Danbaka; oraingoa bosgarren aldia izango da. Lemak (Bergara, Antzuola), Kiimak (Antzuola), The Clayton (Aramaio) eta Jasan (Aretxabaleta, Eskoriatza) taldeak ariko dira lehen kontzertuan, 21:30ean hasita.

Bost kontzertu eta finala

Debagoieneko askotariko hogei musika taldek hartuko dute parte. Bost kontzertu izango dira. Honako hauek: urriaren 14an, Lemak (Bergara, Antzuola), Kiimak (Antzuola), The Clayton (Aramaio) eta Jasan (Aretxabaleta, Eskoriatza); urriaren 28an, Eyharts (Bergara), Inguma (Oñati), 112 (Arrasate) eta Letagin (Oñati); azaroaren 11n, Aiert (Oñati), Sukena (Oñati), Broken Legacy (Oñati) eta Balarrasa (Aramaio); azaroaren 25ean, Ktarsia (Bergara), Iluminatizz (Aretxabaketa, Otxandio), Erromintxelak (Arrasate, Bergara) eta Etxepe (Arrasate); eta abenduaren 16an, Orhi (Bergara), Arragoa (Bergara), Islabat (Bergara, Elgoibar) eta Sindy Berbenas (Arrasate). Finala urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

Sarrerak: 4 eurotik behera

Kontzertuetarako sarrerak 4 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan, kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita, eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin.

Sanprubusa eta chill out gunea plazan

Aretoaren kanpoaldean, San Martin plazan, chill out gunea egokituko da. Taldeen arteko etenetan, musika emanaldiak izango dira. Ostiral honetan, Unai Cantabrana musikari elgetarraren akustikoarekin. Doan. San Martin plazan Sanprubusak emango du taberna zerbitzua. Bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dira eta taberna txiki bat jarriko da.

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetara. Horietatik hemeretzi epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hogeigarrena, publikoak, boto bidez. 112 taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.200 boto jaso dira.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Julen Narbaiza musikazalea eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoa; Kristina Markina, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia; Iñigo Ugarte, musikari oñatiarra; Nerea Loron La Furia, rap abeslari eta sortzailea; eta Aitor Aldanondo, musikari bergararra.

Epaimahaiak azpimarratu duenez, lan oso zaila izan da hemeretzi talde edo bakarlari aukeratzea. Epaimahaiak dio askotariko estiloengatik eta bidalitako abestien maila handiagatik zalantza handiak izan dituela aukeraketa egiteko.

Emanaldi guztiak osorik telebistan

Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen uneoroko eta zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria, Puntua aldizkaria eta Arrasate Irratia. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak, oso-osorik, grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en, taldeen emanaldi osoak. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen eta Twitterren. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak