Hizketa ezagutzako eta sintesiko teknologiek eskaintzen dituzten aukerak aurkeztuko dituzte, hilaren 20an, 18:30ean, Seminarixoan egingo den Makinek euskaraz hitz egiten badakite? Eta Bergarakua ulertzen dabe? hitzaldian. ZTB barruan antolatutako ekitaldia da eta gorrentzako interpretaritza egongo dela aurreratu du Udalak.
Hizkuntza teknologietan doktore eta Oraiko Hizketa Teknologien arloko arduraduna den Igor Leturiak eta Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal arituko dira hizlari lanetan. Orai enpresak euskararentzat egin dituen tresnak izango dituzte hizpide hizlariek; adimen artifizialarekin garatutako baliabide horiek Debagoieneko enpresen eskura baitaude dagoeneko.
Oraik Goiena Komunikazio Taldearentzat landutako kasu praktikoa azalduko dute. Asmakuntzak bertako euskalkia lantzen du, eta tailerrean adibide praktikoak erakusteaz gain, zuzenean egingo dira frogak.
ZTB jardunaldien aurkezpena
Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza - ZTB jardunaldien aurkezpena egiteko baliatuko dute ekitaldia. Aurten, azaroaren 2tik 13ra egingo dira aipatutako saioak.