Mikel Mujika: "Lanak eginda daude, gozatzea geratzen da"

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 7a, 14:00

Mikel Mujikak (Bergara, 1989) 2019ko abuztuan lortu zuen, Frantzian, Hawaiiko ironman proba entzutetsurako sailkatzea. Beste gauza askorekin moduan, pandemiak goitik behera irauli zituen asmo guztiak, eta, lasterketak hainbat atzerapen izan eta gero, ordu batzuk barru mundu osoko triatloilariendako erreferentziazko hitzordua dena egingo dute, Konako ironman proba. Zapatuan, Bergarakoa 06:15ean irtengo da –Euskal Herrian 18:15 izango dira–.

Zer moduz Hawaiin? Behin hara joanda, dena ez da izango lasterketa, ala?

Kar-kar. Ez, ez, turismo apur bat ere bagabiltza egiten. Joan den eguenean iritsi ginen eta lasterketako ibilbideko tarte batzuk errepasatzen ibiltzearekin batera sumendietan ere ibili gara turismoa egiten.

Igeriketako lasterketa bat egiteko aukera ere izan duzue...

Bai. Ironmana baino astebete lehenago igeriketako tartearen berdin-berdina izango den itsas zeharkaldia egin genuen. Profesional batzuen aurretik amaitzea lortu nuen, 52.58ko denbora eginda –Leon Chevalierren eta Daniel Baekkegard-en aurretik, esaterako–, eta horrek sekulako konfiantza eman zidan lasterketara begira. Ikusi dugu zelakoa den igeriketako tartea, ikusi dugu sasoi onean gaudela... Ondo.

Bizikletako tartean ere ibili zarete?

Horko 180 kilometroak ere errepasatu ditugu, bai. Zirkuituan, 90 kilometro egiten dituzu joaten, eta gero, itzulerako bidea egin behar da. Astelehenean egin genuen ibilbidea eta gustura geratu ginen bizikleta gainean egindako lanarekin, eta hori semaforo, bidegurutze eta bestelakoak izan genituela. Baina konturatu ginen eguerdi partean sekulako beroa egiten zuela, lasterketa egunean momentu hori gogorra izango dela.

Mikel Mujika, iaz, Zuiako lasterketan.

Non egongo da lasterketako gakoa?

Nik uste dut orain aipatu dudan horretan egongo dela gakoa; alegia, tenperatura beroak, hezetasun handia, ez dago itzalik, inguru guztiak bolkanikoak dira... Oraingo egunetan konturatu gara edozertan hasi eta segituan izerditan blai zaudela. Dagoeneko etxeko lanak eginda daude, eta lasterketa egunean garrantzitsua izango da erritmo egokian joatea, jatekoak eta edatekoak ondo zaintzea, anoa-postu guztiak errespetatzea... Hanka-sartze txikiena garesti ordaindu daiteke.

2019an lortu zenuen hor egoteko txartela, eta itxaronaldia luzea izan da, baina askoz ere atleta osoagoa zara...

Bai, bai, ez daukat zalantzarik. Urte hauetan gogor entrenatu naiz eta aurrerapauso handiak eman ditut. Eta hori ez da sentsazio kontua, datuak ditugu hori erakusten dutenak. Igeri egiten azkarragoa naiz, bizikleta gainean sortzen dudan watt kopurua hazi egin da, korrika egiten orain dudan sendotasuna... Ez dira izan alferrikako urteak, lasterketetan esperientzia hartzen joan gara eta horrek lasaitasuna ematen du.

Egun normala izatea, ez dugu gehiagorik eskatuko.

Bai, lehen aipatu moduan lanak eginda daudelako eta apartekorik ez badago lasterketa ona egiteko moduan gaudelako. Berez esan ohi da bost lasterketatik bat txarra izan daitekeela, kontua da hemen ez dagoela horretarako aukerarik.

Izango duzu markaren bat buruan...

Ez da erraza esaten, baina bederatzi ordu baino gutxiago egiten baditut badakit nire kategorian –ez-profesionalak, 30-34 urte bitartekoen artean– aurrean ibil naitekeela. Hala ere, marka konkretu bat egiteaz baino gehiago, esperientzia hau bizitzeko aukera izate hutsarekin nabil gozatzen. Orain artekoa ederra izan da, lasterketa geratzen da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak