Idoia Eizmendi: "Emakumeak publikoan urduri jartzea ez da kasualitatea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko urr. 6a, 14:45

Idoia Eizmendi, 'Nola hitz egin jendaurrean' ikastaroko dinamizatzailea. (Argazkia: I.E.)

Modu eraginkorrean komunikatzen ikasi, zailtasunen inguruan hausnartu eta horiek gainditzeko estrategiak landuko dituzte emakumeek Idoia Eizmendik gidatuko duen saioan.

Beste urte batez, emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin hainbat jarduera antolatu ditu Bergarako emakumeentzako Jabekuntza eskolak, urritik urtarrilera bitartean. Idoia Eizmendik eskainiko duen Nola hitz egin jendaurrean ikastaroarekin emango zaio hasiera ekimenari. Biharkoaz gain, beste lau saio izango dira, arratsaldeko bostetan, UNEDen.

Zein helburu ditu ikastaroak?

Helburu orokorra da modu eraginkorrean komunikatzen ikastea; daukadan mezua, ziurtasunez, modu zuzen, zehatz eta argian ematen lortzea. Bestelako helburuak ere baditugu. Adibidez, ditugun zailtasunen inguruan hausnartu eta horiek gainditzeko estrategiak lantzea. Beste aldetik, generoak komunikazioan zer-nolako eragina nuen aztertuko dugu.

Zailtasunak aipatu dituzu.

Epaitua izateak eta komunikatzeko gai ez izateak ematen digu beldurra. Beti pentsatzen dugu, gure ideia ez dugula ongi adieraziko. Epaitzeak forma asko har ditzake: gorrituko naiz, barregarri geratuko naiz, gai ez naizela pentsatuko dute... Hori oso lotuta dago genero sozializazioarekin. Mendetan zehar, espazio publikoan egotea debekatu digute, eta oraindik, plazan dagoen emakumeak badaki epaitua izango dela, eta horrek beldurrak areagotzen ditu. Ez da kasualitatea emakumeoi, orokorrean, urduritasun gehiago ematea jendaurrean hitz egiteak.

Nola eragiten du generoak komunikazioan?

Feminitatearekin lotzen diren ezaugarriek ez digute asko laguntzen: pasibotasuna, ahultasuna, menpekotasuna, subjektibotasuna... Nahiz eta ezaugarri horiek zaharkituta egon, oraindik ere, gure irudi kolektiboan funtzionatzen dute modu inkontzientean bada ere. Horregatik, oztopo horiek zergatik dauzkagun aztertzen dugu hausnarketaren bidez. Mahai gainean jarri eta arazoa kolektiboa dela ikusteak laguntzen du.

Lanketa prozesua nola egiten duzu?

Gaitasunak identifikatu eta azaleratzen saiatzen naiz, horiek indartzeko. Gero, beldurrak zeintzuk diren ikusi behar da, nondik datozen... Beldur kolektiboa izan daiteke, baina badira esperientziatik sortutakoak direnak. Horien aurrean, teknikak ikasten ditugu. Askotan psikologiari lotutakoak dira, bestetan yogatik edo beste diziplinetatik hartutakoak.

Jendaurrean hitz egiteko baliabideak bai, baina bestelako sareak osatzeko balioko du ikastaroak.

Niretzat oso garrantzitsua da emakumeek elkar ezagutu, sareak osatu eta gai ezberdinen inguruan eztabaidatzea. Alde horretatik, tailerra dinamikoa izaten da eta harremanak sortzen dira. Polita eta beharrezkoa dela uste dut.

Norbaitek parte hartzeko zalantza balu, zer esango zenioke?

Jendaurrean hitz egiten ikasteko prozesua da, baina baita norbera ezagutzeko prozesua ere. Sorpresak hartzen ditugu gure gaitasunak eta beldurrak identifikatzen ditugunean. Ez da bakarrik diskurtsoak egiteko. Atariko bilerarako, laneko edo eskolako ahozko aurkezpen baterako eta egunerokotasuneko beste hainbat egoeretarako balio du. Praktika asko egingo dugu. Uste dut ondo pasako dutela, hori izan da orain arteko esperientzia eta parte hartzea animatzen ditut.

Ez da ikastaro hau ematen duzun lehen aldia. Ze erantzun jaso duzu?

Oso ona. Hobekuntzak begi-bistakoak dira emakumeek euren esperientziak kontatzen baitituzte. Espero gabeko gauzak ikasten ditugu; nik ere asko ikasten dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak