Hasi dira Arrizuriagaren etorkizuna eraikitzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 29a, 15:47

Herritarrekin eta kultura eragileekin egindako lehen batzarra, eguaztenean, Arrizuriagan zer egin erabakitzeko. (Argazkia: Bergarako Udala)

Eguaztenean egin zuen Udalak partaidetza prozesuaren lehen bilera irekia herritarrekin eta kultura eragileekin; helburua, Arrizuriagan egin daitezkeen jarduera proposamenak eta kultur eragile modura garatzeko interesgarriak izan daitezkeen erabilerak jasotzea.

Maiatzean hasi zituzten Arrizuriaga jauregia egonkortzeko lanak, eta, aurreikuspenen arabera, datozen asteetan amaituko dira. Obren amaieraren atarian, eguaztenean egin zuten Arrizuriagaren etorkizuna eraikitzen partaidetza prozesuaren lehen bilera irekia, herritarren eta kultur eragileen proposamenak jasotzeko: alde batetik, espazioen kudeaketa-ereduari buruzkoak, eta, bestetik, kultur eragile gisa garatzeko interesgarriak diren erabilerak.

Era guztietako kultura jardueren egoitza izateaz gain, emakumeentzako gunea ere izango du jauregiak. Udalak adierazi duenez, herriko emakumeekin eta emakume taldeekin batera adostuko dira espazio horren helburuak, zereginak eta dinamikak, besteak beste.

Partaidetza prozesua hasi baino lehen, uztailaren 12an elkartu zen Udal Gobernua kultura eragileekin. Eguazteneko bileran landu ziren ekarpenak eta zalantzak jaso zituzten orduan udal ordezkariek. Gainera, bilera hartan parte hartu zutenek jauregiko obrak ikusi ahal izan zituzten barrutik.

Udal Gobernuak aditzera eman duenez, partaidetza prozesuan zehar emango zaie bilera irekietako informazioa herritarrei.

EAJren proposamena

Coworking-gune bihurtu nahi dute jeltzaleek Arrizuriaga jauregia. Maiatzean etxez etxe banatu zuten eskuorrian zioten proiektu berritzaile baten kokalekua izan behar zuela Arrizuriagak: "Coworking-a lanpostuek, bilera gelek, atsedenlekuek, tailerrek eta kafetegiak osatzen dute, baina, batez ere, coworker-ek; alegia, pertsonek. Arrizuriaga ezin da soilik lanerako espazio bat izan, askoz gehiago izan behar du".

Egin beharreko lanak

Goitu Eraikuntzak SL enpresari esleitu zitzaizkion lanak, 547.964 eurotan –BEZa barne–. Eusko Jaurlaritzaren ondare izendapena daukanez jauregiak, baldintza batzuk bete behar ditu eraberritzeak; adibidez, kanpoko itxura mantentzea. Horregatik, fatxadari dagokionez, finkatze, konpontze eta garbitze lanak egiteaz aparte, egoera txarrean dauden arotzeriak eta hondatutako beirak ordezkatuko dituzte. Barrualdean, egoera txarrean dauden zeramikazko trasdosatuak eraitsi egingo dituzte, eta euskarri ez diren banaketa guztiak nahiz zoladura arinak kendu egingo dira solairu guztietan. Hala, solairu bakoitzean espazio huts bana sortuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak