Iban Igartua: "Txapelketan txakurrak egiten du lanaren %90"

Xabier Urtzelai 2022ko ira. 30a, 18:00
Iban Igartua, ezkerretik hirugarrena, sari banaketa ekitaldian.

Bergarakoa Gipuzkoako txapelketan lehiatuko da domekan, Debagoienekoan txapela jantzi eta gero; Matias Igartua –aitona– eta Basilio Eguren izan ditu gogoan.

Zanbranan jokatutako Debagoieneko Ehiza Txikiko Txapelketan txapela jantzi zuen joan den astean Iban Igartuak (Bergara, 1983), eta domekan, leku berean jokatuko duten Gipuzkoako Txapelketan faboritoen multzoan egongo da. Entrenatzeko dituzten zailtasunen gainean mintzatu da Igartua, eta ehizarako zaletasunak bizi duen beherakadaz ere jardun du.

Orain arte irabazitako txapelik garrantzitsuena da hau?

Duela urte batzuk, Gipuzkoakoan laugarren sailkatu nintzen, eta horrek ere ilusioa egin zidan, baina bai, polita da txapela janztea. Aitona –Matias Igartua– eta Basilio Eguren ditut gogoan, egun ez daude gure artean, baina, neurri handian, eurei esker daukat zaletasun hau. Dikar eta Armeria Etxaniz babesleei ere eskerrak eman nahi dizkiet.

Aipatu duzu etxetik datorkizula ehizarako zaletasuna.

Bai; txapelketetarako ez horrenbeste, baina ehizarako bai, gure etxean zaletasun handia izan dugu. Esango nuke odolean daramagula, aitonak, aitak, osabak… Gogoan dut 14 urterekin aitari laguntzen joaten nintzela, eta 16 urterekin adin txikikoek ehizan egiteko baimena eskuratu nuen, pentsa. Txapelketetan, berriz, duela 10 urte-edo hasiko nintzen, errebotez. Tiro ondo egiten nuelakoan proposamena egin zidaten, eta halaxe hasi nintzen.

Orain, berriz, entrenatzeko asti barik zabiltza…

Etxean familia ere badugu, eta ezin naiz denera iritsi. Bergarako ehiza elkartean ere aipatu nien denbora gutxirekin nenbilela, eta elkarteko zereginak alboratu egingo nituela denbora batez; Ander Murua, Jon Alberdi... Orain dagoen gazte taldea sekulako lana egiten dabil.

Pentekoste plater tiraketako 2º sailkatuaren sariarekin; Vicente Rajado izan zen irabazlea.

Zanbranan egiten dituzue txapelketak…

Bai: hango lurjabearekin adostasuna dute Federaziokoek, eta leku egokia da. Debagoieneko txapelketan, esaterako, bertako herrietako ordezkariekin batera etortzen dira baita Urretxukoak, Legazpikoak eta Zumarragako ehiztariak. Eta datorren domekan Gipuzkoa osokoak egongo gara. 

Eta entrenatzeko Zanbranaraino joan behar duzue?

Alde horretatik, ehizarako entrenatzea ez da batere erraza, oso mugatuta daukagu dena. Mendian ehiza denboralditik kanpora ezin gaitezke txakurrekin ibili, berez, sosokume edo erbikumeak egon daitezkeelako. Logikoa da, baina… Ehizak geroago eta jarraitzaile gutxiago ditu, kontrarioak ere asko, eta segurtasun neurriak tarteko dena oso mugatuta dago. Lastima da, denek ez dute ehiza modu berean ulertzen, baina halaxe daude kontuak. Arratera ere joaten gara, baina... Bai, txapelketak prestatzea ez da erraza. 

Txapelketetan non egoten da gakoa?

Txakurrak egiten du lanaren %90. Hasteko, txakurrak ohituta egon behar du etxaldean egiten den ehizara; alegia, antolatzaileak eperrak askatzen ditu mendian eta horiek ehizatu behar izaten ditugu. Oso ezberdina da etxaldeko eperrak ehizatzea edo aske bizi diren eperrak ehizatzea. Txakurrak ohituta egon behar du usain ezberdinera... Batzuendako erakargarria ere ez da eper klase hori. Horregatik, txakurra ondo entrenatuta izatea oso garrantzitsua da, eta gero, zortea izatea ere oso garrantzitsua da. Eta bai, ehiztariak tiroa jotzerakoan abilezia izan behar du, baina gutxienekoa da hori, aske dauden eperrak ehizatzea zailagoa da. Akaso, konfidantza larregi izateak ekar ditzake hanka-sartzeak. Halakoak zaindu egin behar dira. 

Igartua Bergarako ehiza txikiko txapelketako txapeldunordearen saria jasotzen. Josu Ayucar izan zen onena.

Domekan nabarmentzea zailagoa izango da...

Gipuzkoako eskualde bakoitzeko hiru onenak sailkatzen dira Gipuzkoako txapelketarako. Senior mailan Gipuzkoa osoko 24 ehiztari inguru batuko gara eta tartean egongo da, besteak beste, Espainiako txapelketa irabaztea zer den badakien Arkaitz Egaña. Izan ere, hura da faboritoetako bat. Gero, erretiratuen kategorian egongo dira beste hamar ehitzari eta emakumezkoen kategorian, berriz, beste hiru. 

Ainhoa Toledo antzuolarra ere irabazle

Bergarako Oilagorra elkarteko Iban Igartuarekin batera Zanbranan egindako txapelketan beste debagoiendar batzuk ere nabarmendu ziren. Antzuolako Jose Mari Alberdi bigarren sailkatu zen, eta Iñaki Toledo sailkatu zen hirugarren postuan. Hiru ehiztariek ehizatu zituzten bosna eper, baina Bergarakoak azkarrago egin zituen egin beharreko lanak. Hala, beteranoen txapelketan Eskoriatzako Jose Maria Zubizarretak –Aldaipe elkartea– irabazi zuen, zazpi eper ehizatuta– eta junior mailan Ander Gutierrez legazpiarra gailendu zen. Eta emakumezko onena Ainhoa Toledo izan zen, Eperra elkartekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak