Etxafuegoekin eta kanpai doinuekin hasi zituzten jaiak egubakoitzean. Patata-tortilla lehiaketa ere jokatu zuten, eta Izaro eta Jone Larrañaga ahizpak nagusitu ziren. Katarsia eta Inguma taldeen kontzertuarekin luzatu zen gaua Angiozarren.
Zapatua ere egun bete betea izan zuten. Herri bazkarian 134 lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan. Bapo bazkaldu ondoren etorri ziren kantuak eta, baita ere, pandemia urteotan jaiotako auzotar berriei eskainitako ongietorria. Hamar umeri jarri zieten zapia: Ihintza, Izar, Ander, Maddi, Dámaris, Afnane, Israe, Oussama, Mohamed eta Douae.
Arratsaldea Kalakan zurezko jokoekin jolasean eman zuten gazteenek. Frontoian makina bat jolas aurkitu zituzten. Gauean, berriz, argi festa eta erromeria izan zituzten Angiozarren.
Gaur pailazoak
Oihulari Klown taldearen Gabe ikuskizunarekin gozatu dute gaur arratsaldean auzotarrek. 95 lagun elkartu dira umore ukituak dituen ikuskizunaz gozatzeko. Umorearekin, baina pobrezia salatzen duten bi eskaleren kontakizuna da Gabe.
Eguenean azken ekitaldiak
Eguenean agurtuko dituzte 2022ko San Migel jaiak Angiozarren. 11:00etan, meza esango dute parrokian Bergarako erretiratuen abesbatzarekin. Arratsaldean puzgarriak eta txokolate-jana izango dituzte, eta San Migelen zeruratzearekin amaituko dira festak.
Aurtengoan ez da urtero moduan zeruratuko. "Ukrainako gerraren ondorioz helio falta omen dago, eta ezingo dugu San Migel zeruratu. Aurten, kanpandorrera itzuli beharko du", azaldu dute antolatzaileek.
Zerura edo kanpandorrera San Migel erretiratutakoan amaituko dira festak Angiozarren.