Lankidetzan eginiko jardunarengatik aitortza

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko ira. 16a, 10:39

Mari Kruz eta Mila Andueza, herenegun, Agustin Ugarte Nazioarteko Lankidetzaren aitortzan.

Agustin Ugarte Nazioarteko Lankidetzaren aitortza jaso dute Mari Kruz eta Mila Anduezak. Gipuzkoako Foru Aldundia da antolatzailea, eta Oscar Romero Solidaritza Batzordean eginiko lana aitortu du. Laguntzen beharra azpimarratu dute ahizpek.

1988an sortu zuten Oscar Romero Solidaritza Batzordea, eta orain artean hari bizia ematen aritu dira Mila eta Mari Kruz Andueza ahizpa bergararrak. Ordutik, baina baita lehenagotik ere, hainbat proiektu solidariotan aritu izan dira lanean Erdialdeko Amerikako herrialde batzuetan, baina, batez ere, El Salvadorren. Tabuca eskualdeko nekazari komunitateak dituzte helmuga nagusi, Mikel anaia bizi den leku berbera, hain zuzen. Bada, urte hauetan guztietan eginiko lana aitortua izan dadin, Agustin Ugarte Nazioarteko Lankidetzarako aitortza jaso berri dute bi ahizpek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

"Ohore handia da guretzako. Urte asko daramatzagu lanean, eta orain arte ez dugu horrelakorik jaso ez udaletatik, ez beste inondik, baina garrantzitsua iruditzen zaigu emandako pausoak bistaratu ahal izateko", azaldu du Mila Anduezak, lan hori guztia boluntarioa dela azpimarratuta. Eta jardun beraren garrantzia izan du gogoan Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetza diputatuak ere, hala nola "talde lana" eta "gizarte eraldaketaren alde eginiko ekarpena" aitortu nahian.

Ibilbide luzea eginda

Zehazki, 30 urte baino gehiago igaro dira bi ahizpek beraien jardunari ekin ziotenetik batzordean, El Salvadorko egoera "oso txarra" zela ohartuta: "Elizaren barruan geunden antolatuta orduan, taldeetan, eta Gipuzkoan zerbait egin behar genuela otu zitzaigun: hilean behin elkartzen hasi ginen, eta orduan sortu zen batzordearen ideia". Oscar Romero gisa izendatzea erabaki zuten. Salvadortarra zen, apaiz katolikoa, eta "behar gehien zutenekin lan eginikoa", Anduezaren hitzetan, baina 1980an hil zuten.

Jardun horretarako, ordea, bi ahizpei zein gainontzeko batzordekideei "funtsezkoa" iruditzen zitzaien bertatik bertara ezagutzea esku hartu beharreko herrialdeetako egoera, eta, beraien kasuan, El Salvadorren ez ezik, Hondurasen eta Nikaraguan ere egonda daude. Are gehiago, orain ere uste berekoak dira. "Badakigu, gutxi gorabehera, nolakoa den hango egoera, eta, ahal den heinean, pixkanaka lagundu beharra dago".

Horretarako, batzuetan, etxeak egiten lagundu dute, edo eskolak, errepideak eta zubiak; beste batzuetan, berriz, baratzeak eta emakumeentzako tailerrak. Dena den, Anduezak argi utzi nahi izan du hitza bertako herritarrena dela, eta ez batzordearena. "Proiektu denak dira beraiengandik sortuak, beraiek eskatuak, eta beraiek zehazten dute nola egin behar den ere; gure eginkizuna, azken batean, horiek hemendik bultzatzeko baliabideak lortzea da".

Laguntzen beharra

Izan ere, proiektu bat abiatu ahal izateko, ideiez gain, ohikoenean, dirua ere behar izaten da. Bada, hori erdiesteko, Anduezak azaldu du Eusko Jaurlaritzara jo ohi dutela, baina baita Nafarroako Gobernura, Gipuzkoako Foru Aldundira eta lurralde bereko udaletara ere. Azaldu duenez, Debagoienan parte hartu ohi duten udalak Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak dira, eta baita Bideberri mankomunitatea ere. "Aspalditik hartzen dute parte, eta oso gustura gaude; aurten ere aurkeztu ditugu hainbat proiektu, baina aurrerago jakingo dugu zer gertatzen den".

Laguntzaren beharraren garrantzian egin baitu azpimarra Anduezak. "Behar asko zegoen lehen eremu horietan, eta, orain, gero eta gehiago; bada, laguntzak jarraitu egin behar du, eta, ahal baldin bada, gero eta gehiago lortu". Hain justu, hori bera izan dute aldarri bi ahizpek aitortza jasotzeko orduan ere, ohikoak diren laguntzaileei urtean emandako zenbatekoa handitzea eskatzearekin batera: "Ahal izanez gero, behintzat".

Horrez gain, herritarrei ere dei egin diete horrelako egitasmoetan parte hartzera, lana boluntarioa izanik, horretarako "prest" dagoen jendea "gero eta gutxiago" dela gaineratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak