Ainhoa Gonzalez: "Haur-eskoletan ingelesa landu beharko litzateke"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 17a, 09:22

Ainhoa Gonzalez, Bergaran duen Global Studies akademian. (Argazkia: I.A.A.)

Irakasle izatea Ainhoa Gonzalezen lehen aukera ez bazen ere, dagoeneko 17 urte daramatza lan horretan; egindako lana ikasleentzat lagungarria dela ikusteak asetzen duela dio.

Dagoeneko 17 urte inguru daramatza eskolak ematen. Gurasoen etxean hasi zen, baina, gaur egun, Global Studies akademia dauka Bergarako Lizaria kalean. Hizkuntzei dagokienez, gehienak ingelesa ikastera etortzen badira ere, eskariaren arabera beste hizkuntzaren bat ere ikas daiteke. Gainera, edozein ikasgairen eskola-laguntza ere eskaintzen diete gazteei.

Nolatan ingeleseko irakasle?

Ingeles Filologia ikasi nuen, eta ohikoena irakasle lanetan aritzea da. Hala ere, ez zen nire lehen aukera; itzulpengintzak arreta handiagoa pizten zidan. Hainbat akademiatan lanean aritu ostean, ikusi nuen irakaskuntza gustatzen zitzaidala; eta urte batzuen ondoren, nire kontura hastea erabaki nuen.

Zein da ikasleen profila?

4 urtekoei ere eman dizkiet eskolak. Horren txikiak izanda, pandemia tarteko, bertan behera geratu ziren. Bestela, LH1-etik aurrerako ikasleak etorri ohi dira. Dena den, helduak eta erretiratuak ere animatzen dira. Askoren lehentasuna titulua lortzea da, baina adinaren arabera aldatu egiten da helburua: bidaiatzeko, familia-kide ingelesekin komunikatzeko, zaletasunengatik...

Ikus-entzunezkoak itzulita ikusten ditugu. Zer deritzozu?

Dugun ezaugarririk negatiboena da. Fonetikoki oso gaizki hitz egin eta ahoskatzen dugu. Hori guztia, ez ditugulako filmak eta telesailak jatorrizko bertsioan ikusten. Hemen itzuli gabe kontsumituko bagenitu, hizkuntza barneratzeko era natiboagoa izango litzateke.

Geroz eta lehenago hasten dira haurrak hizkuntzak ikasten.

Eurentzat hobeto. Haur-eskoletan ingeles irakasleek egon beharko lukete. Fonetikan eta hiztegian asko hobetuko lukete. Badakit, ordea, zaila dela.

Bergarako txokorik gustukoena?

San Lorenzo eta inguruak. Hemen hazi naiz, eta hemen jarraitzen dut; lanean ere bertan ari naiz. Auzoa handitu egin da, eta denetik daukagu.

Zertan gara ezberdin euskaldunak eta ingelesak?

Ez dut hainbesteko alderik ikusten. Izaera antzekoa daukagu; agian, eurak bereziagoak dira. Egia da sentitzen dutela ez dutela adierazten. Estatuko jendearekin joan nintzen ingelesa ikastera Ingalaterrara, eta horiekin antzeman nituen desberdintasun gehiago.

Sanmartinetan zer egingo duzu?

Gogotsu nago, bi urtean ez baititugu ospatu. Jardueretan parte hartuko dudala ziur. 6 urteko semea daukat, eta harekin aterako naiz.

Ikasteko metologia aproposik?

"Nire iritziz, ezin da ikasi hizkuntza bat ahozkotasunarekin bakarrik. Hizkuntza bat menperatzeak denbora eta gaitasun asko eskatzen du. Oso garrantzitsua da hitz egitea, baina gramatikarik eta hiztegirik ez baduzu, ez da nahikoa. Entzumena eta irakurmena oso garrantzitsuak dira. Gaur egun, erraztasun eta baliabide ugari daude. Ahalik eta gehien ingelesez entzun eta ikus-entzunezkoak ikusten badituzu, beti laguntzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak