Danbor hotsekin oroituko dute Pello Garitano

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ira. 16a, 08:16

Pello Garitano, 2019ko umeen danborradan.

Atzoko helduen danborradan Pello Garitanoren omenezko 'danbor txikiak' martxa estreinatu ostean, umeek hartuko dute lekukoa gaur (18:30). Jaietako bigarren asteburua betea dator; adibidez, Xaxauren txosna bueltan da Muniben, inoizko egitarau jostagarrienarekin.

2020an eta 2021ean pandemiak eraginda danbor hotsik entzun barik egon ostean, indarberrituta itzuli zen atzo helduen danborrada. Izen propiorik aipatu beharra badago, hori ekainean hil zen Pello Garitano da, oso presente izan zuten. Umeen danborradaren bultzatzaile nagusia izan zen Garitano, eta azken unera arte egon zen danborradaren antolaketari lotua.

Danborradako talde guztiek eta Udalak aho batez erabaki zuten Garitano omentzea; bandako zuzendari Enrike Txurrukak konposatutako Danbor txikiak martxa lehen aldiz jo zuten atzo, eta asmoa da martxen zerrendan sartzea. Umeen danborradak hartuko dio lekukoa gaur, betiere, Garitano gogoan, udal biltegitik irtenda (18:30).

Munibeko gunea ere bueltan

Xaxauk eguaztenean hasi zuen txosnagunearen muntaketa, Muniben. Egitarau zabala antolatu dute; bereziki, egubakoitzerako eta zapaturako. Kontzertuei dagokienez, gaur, Nhil, Golden Blend eta Lizartxo izango dira protagonista, DJ Xaxaurekin batera. Zapatuan, Kilimak, Birgin Mari eta DJ Hirukiak izango dira Munibeko karpako oholtzara igoko direnak. Kontzertuez harago, jolasek protagonismoa hartuko dute ohiko sanmartinen itzuleran: sokasaltoa, bikote jolasa, marianito festaren osteko oliben hezurren jaurtiketa, bingo jolasa eta azeri jolasa antolatu dituzte, besteak beste. Ondo pasatuko dutela diote: "Gogotsu gaude, bueltan datoz benetako sanmartinak". Zapatuko herri bazkarirako txartel guztiak saldu dituzte: "Bazkariak arrakasta handia izan du, jendeak kanpoan geratu behar izan du". Ondoren, bazkalosteko bingo musikatua ere bueltan dator.

Bestalde, xaxautarrek azpimarratu dute jende gehiago beharko dutela antolakuntzan laguntzeko: "Txosnetako txanda guztiak ezin izan ditugu bete, eta, horregatik, eguenean [atzo] 02:00etarako itxiko ditugu txosnak. Hurrengo jaiak antolatzeko jende gehiago beharko dugu".

Gazta, barazki eta fruta onenak

Ohiko azokarekin batera itzuli ziren gazta, barazki eta fruta lehiaketak. Idiazabal elkarteko kidez osatutako epaimahaiak hogei gazta ingururen artean sari nagusia Lekarozen bizi den Irati Usandizaga Garitaonandia oñatiarrari eman zion; Infernuko Gasna izeneko gazta egiten du 28 urteko gaztagileak. Bi urte daroatza ogibidean. Pozik zegoen; are gehiago, kontuan hartuta Elgoibarko jaietan eta Uharte Arakilgo Nafarroako txapelketan ere lehen saria lortu zuela: "Ea bolada honek jarraitzen duen; urrian Euskal Herriko eta Ordiziako txapelketetan parte hartuko dugu". Hala ere, uda beroa bezain lehorra azpimarratu du Usandizagak, eta inoiz baino lehenago utzi behar izan ziotela gazte egiteari: "Gazta egiteari abuztu erdialdean utzi genion, eta orain ardiak mendi inguruan dabiltza, lehortearekin sufritzen. Azarorako umeak emango dituztenez, indartsu egoteko aparte eman beharko diegu jaten". Gazta lehiaketan bigarren saria Idiazabalgo Ander Barandiaranen Gaztañaditxulo gaztak irabazi zuen eta hirugarren saria, berriz, Elgoibarko Mausitxa gaztak.

Barazki lehiaketako lehen saria Soraluzeko Ezozi Etxebarriak irabazi zuen; bigarren saria Izurtzako Eskubaratzek irabazi zuen; eta hirugarren saria, azkenik, Bergarako Mari Karmen Etxebarriarendako izan zen. Fruta lehiaketan bi sari banatu zituen epaimahaiak: lehen saria, Igorreko Urtza Sarrionandiarendako; eta bigarren saria, Aretxabaletako Luis Lonbiderendako. Azkenik, herriko sari nagusia Bergarako Elkoro baserriko Ane Gorosabel arrasatearrari eman zioten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak