Musikala, dantza eta banda sanmartinetan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 16a, 08:33

Lizarran egin zuten África, las dos orillas musikalaren aurrestreinaldia, maiatzaren 14an. (Argazkia: V.M.)

Urriaren 1ean eta 2an egingo dute Seminarixoan 'África' musikala, baina domekan emanaldiaren pasarteak interpretatuko dituzte 40 lagunek herriko kaleetan; horretaz gain, dantza askatu txapelketa eta bandaren emanaldiak ere izango dira asteburuan.

San Martin jaietan murgilduta jarraitzen du Bergarak, eta gaurtik domekara ere beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Horietako bat izango da África, las dos orillas musikalaren zati ikusgarrienak herriko kaleetan zehar aurkeztea, domekan, 18:30etik aurrera. Hamabost minutuko hainbat pasadizo aukeratu dituzte, eta hauxe adierazi du Valen Moñux eszena zuzendariak: "Lizarran egindako aurrestreinaldia oso ondo joan zen, eta ikusita ikuskizunak pasarte eta koreografia oso koloretsuak eta indartsuak dituela eta oso egokia dela kalean ere erakusteko, pentsatu dugu musikalaren aurrerapen bat egitea San Martin jaietan herriko hainbat puntutan". Oraindik ibilbidea guztiz zehaztu gabe daukate, baina, Moñuxek aurreratu duenez, gutxi gorabehera, gune hauek igaroko dituzte: Espoloia, plaza, Arrurriaga, Mazterreka, Simon Arrieta, Fraizkozuri eta Irala. Guztira, kale agerraldian berrogei lagunek hartuko dute parte: "Afrikar jatorriko bost dantzarik, 30 bat kantarik eta sei musikarik".

Pandemia dela-eta hainbat aldiz atzeratu den arren, urriaren 1ean (19:00etan zein 22:30ean) eta 2an (19:00etan) taularatuko dute ikuskizuna, Seminarixoan, Bergarako Musika Eskolako ikasleek, artista gonbidatuek eta dantzariek. Dagoeneko sarrerak eskuragarri daude seminarixoa.eus webgunean zein aretoko leihatilan –eguazten arratsaldeetan–. Estreinaldia gazteleraz izango da. Dena den, lantaldeak euskarazko emanaldia ere prestatuko du; 2023rako aurreikusten dute.

Dantza askatu txapelketa

Bikote Nagusien 37. Dantza Txapelketa jokatuko da bihar, arratsaldeko zortzietan hasita, Seminarixoan. Guztira, zortzi bikotek hartuko dute parte; horietatik zazpi gipuzkoarrak dira eta bestea, berriz, gipuzkoar-bizkaitarra.

Bikote bergararra Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok osatzen dute, eta faboritoen artean daude. Udan txapelketa asko jokatzen dira eta, esaterako, Elgoibarko San Bartolome jaietako txapelketa irabazi zuten. Ordutik beste pare bat jokatu dituzte, eta bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu dira. Dena den, gogotsu daude herriko hitzordurako: "Herriko txapelketa beti izaten da berezia. Presioa handiagoa da, baina gozatu ere asko egiten da. Aurten, gainera, nahiko ondo gabiltza. Denbora gutxiago izan dugu entseatzeko, baina uda ondo doa". Uda borobiltzeko, etxean irabaztea falta zaie.

Bergarakoekin batera bikote hauek hartuko dute parte: Alaia Amubieta eta Amets Amubieta (Azpeitia), Nahia Urkizu eta Ione Aranberri (Azpeitia-Itziar), Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia), Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela), Nora Aizpuru eta Iker Zabala (Azpeitia), Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa) eta Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo).

Hiru sari egongo dira jokoan. Txapeldunek Udalak emandako garaikurra, txapela eta zapia eta 200 euro irabaziko dituzte; bigarren eta hirugarren postua eskuratzen dutenek, berriz, 170 euro eta 180 euro, hurrenez hurren.

Bandaren emanaldia

Atzoko danborradaren ostean, berriro aterako da kalea girotzera Bergarako Musika Banda. Lehendabizi, 11:30ean, kalejira egingo dute herrian barrena, eta ondoren, eguraldi iragarpena ikusita, Udal Pilotalekuan izango da emanaldia, 12:30ean.

Kontzertua abesti berri bezain berezi batekin hasiko da; zehazki, Danbor txikiak piezarekin. Bart gauean estreinatu dute helduen danborradan Pello Garitanori eskainitako martxa; Enrike Txurruka bandako zuzendariak konposatua. Pieza berriaz gain, Juan Crisostomo de Arriagaren Nada y mucho, Miguel Gonzalez Bastidaren Nagasaki, Jacob de Haanen Virginia eta Antonio Carlos Jonbimen The girls of Jobim joko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak