Iker Ruiz de Larramendi: "Abantaila da zelai berean entrenatu eta jokatzea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 16a, 09:22

Iker Ruiz de Larramendi, Agorrosinen. (Argazkia: I.R)

Hamabi urte ostean, bergarar batek zuzentzen du BKE futboleko lehen taldea, Iker Ruiz de Larramendik; adierazi duenez, "oso erraz" eman zion baiezkoa eskaintzari.

Udan hartu zuen Iker Ruiz de Larramendik Bergarako Ohorezko Erregional Mailako entrenatzaile kargua. Taldea oso ondo ezagutzen du, BKEeko jokalari izan baita hainbat urtez, baita beste mailetako entrenatzaile ere. Gogotsu dago Agorrosingo belarra zapaltzeko. Kargu-hartzeaz, 2022-2023 denboraldiaz eta zapatuko derbiaz aritu da, besteak beste, GOIENArekin.

Hamabi urteren ostean, bergarar bat Bergarako lehen taldeko entrenatzaile. Erraz esan zenuen baietz?

Duela hiruzpalau urtera arte, bigarren taldeko jokalaria nintzen, eta, aldi berean, entrenatzaile izana naiz infantiletan eta alebinetan. COVID-19aren ostean, entrenatzailea falta zen bigarren taldean, eta hor hasi nintzen. Bizpahiru urteren ondoren, aukera hau sortu da eta oso erraza izan da baiezkoa ematea. Azkenean, jokalari bezala ez dut lortu lehenengo taldera heltzerik.

Lantaldean ere bergararrez inguratuta zaude.

Unai Irizarrek, Jon Loidik, Aitor Elorriagak eta laurok osatzen dugu entrenatzaile figurako lantalde hori; guztiok herrikoak. Miguel Basterra da atezainen prestatzailea, hura ere bergararra. Maria Mendia fisioterapeuta, aldiz, beasaindarra da. Hala ere, orokorrean, denok gara herrikoak eta ezagunak. Nire iritziz, talde ezin hobea daukat.

Denboraldiaurrean taldea ezagutzeko aukera izan duzu. Nolako taldea da aurtengoa?

Egia esatekotan, denak ezagutzen ditut. Batzuekin txikitatik jokatu izan dut: batzuk nire adinekoak dira eta gainerako ia denak nirekin egon dira bigarren taldean edo maila baxuagokoetan. Fitxaketa berriak ezagutu behar izan ditut. Nik neukan ezagutza horrekin joan gara taldea osatzen, belaunaldi berriak taldean sartzen. Gehiago izan da jokalariek gu eta gure ideiak ezagutzea.

Nolako denboraldiaurrea izan da?

Ez da erraza denboraldiaurre oso bat egitea Bergara bezalako herri batean. Abuztuan jendeak bere oporraldia aprobetxatzen du, eta kanpoan egoten da. Beraz, denboraldiaurrearekin uztailean hasi ginen. Bi aste egin genituen, eta orduan, hogeita hamarretik gora jokalari izan genituen: lehen taldekoak, bigarren taldekoak eta gazte batzuk. Gero, hogeita bosteko zerrenda batekin hasi ginen, poliki-poliki taldea osatze aldera. Fisikoki, agian, ez da nahikoa izan %100era gerturatzeko, baina joko eta ideia aldetik, lagunartekoak ondo aprobetxatu ditugu.

Aurreko urtean zazpigarren postuan amaitu zuen taldeak. Aurtengo helburuak zeintzuk dira?

Sailkapenari baino gehiago, proiektuari begiratzen diogu; hau da, Bergarak daukan proiektuari. Azken finean, joan den urtean bigarren taldea eta gazteak mailaz igo ziren, eta, ondorioz, badakigu belaunaldi berriak indartsu datozela. Beraz, bi erronka nagusi ditugu. Alde batetik, belaunaldi on horiei lekua egiten joatea eta lehenengo taldean urte batzuk daramatzaten horiekin talde indartsua sortzea; beste alde batetik, joan den urteko bigarren itzuli on horri eta eduki zuten jokatzeko modu horri jarraipena ematea. Bi helburu oinarri hartuta, mugarik ez dugu jartzen. Ahalik eta goren geratzea, baina sailkapenerako helburu zehatzik gabe. Ikusten joango gara, eta kategoriak jarriko gaitu gure lekuan.

Agorrosingo obrak urriaren erdialderako amaitzea aurreikusten dute. Gogotsu zaudete berdegune berria zapaltzeko? Ni neu bai. Ipintzan entrenatzen ohituta nago, eta ederra izango da Agorrosinen entrenatzaile izatea. Taldeari begira, dimentsioak-eta handiagoak izango direnez, daukagun ideia horretarako egokiagoa izango da Agorrosin. Desiratzen gaude. Ez dakit noiz hasi ahalko garen entrenatzen eta jokatzen bertan.

Ipintzako belar artifizialean entrenatu eta Agorrosingo zelai naturalean jokatzen zenuten. Laster, dena leku berean egingo duzue. Eraginik izango al du taldearen jokoan?

Gure zelaia izango den horretan entrenatzen hasten garenean, pentsatzen dut alde onak nabarituko direla. Azkenean, leku berean entrenatzea eta jokatzea abantaila da. Orain arte ez da hala izan, baina iruditzen zait zelai naturala izate hori aprobetxatu dugula. Hemendik aurrera, ezberdina eta positiboa izango da.

Hurrengo partida, zapatuan, 16:00etan, Mondraren aurkako derbia Ipintzan.

Taldea oso ilusionatuta eta gogotsu ikusten dut. Nahiz eta Agorrosin oraindik amaituta ez egon, taldeak gogo handia dauka lehiatzeko. Asteburuan ikusi zen Zarautzen zelako partida egin genuen, nahiz eta galdu. Oso pozik geratu ginen egindako lanarekin. Derbiak beti dira derbi. Lehia guztietan nahi izaten dugu hiru puntuak eskuratu; derbian, ordea, oraindik eta gehiago. Denboraldi honetan etxean jokatzen dugun lehen aldia da eta lagunak, ezagunak, familiakoak eta taldea bera gogotsu daude. Gainera, sanmartinak izanda, giroa egotea espero dugu; baita jendea Ipintzara animatzera etortzea ere. Badakigu Mondra konpetitiboa dela, baina denboraldiko lehenengo hiru puntu horien bila goaz. Duela bi asteko lagunartekoa oso lehiatua izan zen. Ez zuen ematen denboraldiaurreko partida zenik. Bi taldeak irabaztera aterako gara, eta benetako derbia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak