Besteak beste, tokiko garapena eta eraldaketa bultzatzeko ahaleginak eraman du Soraluce enpresa gaur egun dagoen tokira. Andres Mazkiaran da presidentea.
Soraluce kooperatibak eraldaketa sozialarekin duen harremanaz galdetuko banizu, zer esango zenuke?
Eraldaketa sozialarekin daukagun konpromisoa bereziki lotzen dugu kalitatezko enpleguaren sorrerarekin. Izan ere, enplegu kooperatibistaren sorrera bera da gure ekarpenik handiena. Hala ere, gizartera beti egin izan ditugu bestelako ekarpenak ere. Esaterako, gu Osintxun kokatuta gaude eta Osintxu auzo degradatu moduan dago izendatuta. Horri buelta bat emateko eta auzoaren eta auzotarren egoera hobetzeko badihardugu bai auzotarrekin eta baita Udalarekin ere proiektuak definitzen.
Osintxun etxebizitzen eraberritzea bultzatuko duen proiektu bat badu esku artean Debagoiena 2030 ekimenak, Debagoiena Eraberritzen deiturikoa.
Hala da, eta gu ere horixe sustatzen ari gara. Bilerak antolatzen Suradesarekin eta auzotarrekin... Lantalde polita sortu da eta ari gara helburu batzuen inguruan lanean. Egun batetik bestera ez da auzoa eraldatuko, baina poliki-poliki badihardugu.
"Oinarrizko beharrekin lotutako proiektuak bultzatzen ditugu"
Eraldaketa sozialarekiko konpromisoa zein alorrekin lotutakoa da Soralucen?
Egia da azken urteetan, eta bereziki pandemiatik, oinarrizko beharrekin lotutako proiektuak bultzatzen dihardugula. Garai batean, agian, kirolarekin lotutakoak sustatzen genituen, eta orain, aldaketa bat gertatu da. Caritasekin, elikagaien bankuarekin... dihardugu elkarlanean. Euskara eta berdintasuna ere badaude gure irizpide nagusien artean, baina orain bai egin dugu ongizate sozialaren aldeko lanketa bat.
Eredu eta balio kooperatiboek zein pisu dute lantaldean?
Ez da erraza, baina egiten ditugu eredu kooperatiboaren inguruko lanketak eta horiek enpresan txertatzeko ahaleginak. Alde batetik, bazkide direnek badute kooperatiben funtzio sozialaren gaineko formakuntza eta ezagutza bat. Eta saiatzen gara langileen parte-hartzea eskatzen duten proiektuak garatzen. Esaterako, une honetan badugu Itsas Argia izeneko proiektu bat. Horren baitan, datozen urteetarako gure norabidea definitu gura dugu eta helburu moduan jarri dugu 2030. urtea. Proiektu horretan langileen kopuru handi bat dago inplikatuta eta horren baitan kooperatiben historia, bilakaera, sortzaileen konpromisoa eta halako gaiak ere lantzen ditugu.
Zer-nolako helburuak ditu proiektuak?
Zerbait transbertsala da. Produktua, merkatua... eta, tartean, ingurunearekiko dugun konpromisoa ere aztertzen dihardugu.
Zein lanketa egin duzue klimaren arlo horrekin lotuta?
Ekodiseinuarekin aspaldi hasi ginen lanean eta aspaldi daukagu ISO 14.006 delakoa, Ekodiseinua Kudeatzeko Sistemaren Ziurtagiria. Bestetik, eraikin berria egiten ari gara. Eraikin jasangarria izango da eta datorren martxorako bukatuta izatea nahi genuke. Horren baitan, LEED ziurtagiria eskuratzea da gure helburua, jasangarritasunarekin lotutakoa. Eraikin berriko isolamendua hobea izango da eta eguzki plakak ipiniko ditugu kontsumoa orekatzeko. Horrez gain, Danobat taldearen baitako eraikinetan ere badihardugu eguzki plakak ipintzen. Modu horretara, behar den energiaren %30 inguru eguzki plakek sortua izango da.
"Eraikin berriko isolamendua hobea izango da eta eguzki plakak ere ipiniko ditugu"
Industriak, orokorrean, zein aukera ditu bere baitan trantsizio ekologiko hori egiteko?
Urratsak egin beharko dira, zalantzarik ez. Etorriko zaizkigu eskaerak ere; dagoeneko bezero batzuek eskatzen digute gure makinak CO2 neutroak izatea. Horretarako, ekodiseinuan egindako lan guztia ondo datorkigu. Hala ere, aztarna ekologikoa uzten jarraitzen dugu, eta hori konpentsatu egin beharko dugu. Efizientzia energetikoan aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da, eta guk horretan aspalditik dihardugu; bereziki, produktuari lotuta. Dena den, uste dut legediak ere zorrotzagoak izatea eskatzen duela gai honek.
Zein balio ikusten diozu Debagoiena 2030 ekimenari berari?
Esango nuke D2030 ekimenak bidea erakuts diezagukeela eta bidelagun interesgarria izan daitekeela. Nik uste dut, gainera, proiektuak sortzeko aukera handiak dituela eta guretzat gidari izan daitekeela.
Baikorra zara etorkizunari begira? Gai izango gara aurrean ditugun erronka potoloei egoki erantzuteko?
Baikorra naiz, orokorrean, baina gai honekin lotuta zailtasunak handiak direla ikusten dut. Esaterako, tokian eta txikitik eginda lortzen diren inpaktuak txikiak dira, nahiz eta uste dudan ezinbestekoa dela tokitik eragitea. Politikarien esku ere bagaude, euren esku baitago bestelako erabaki batzuk hartzea. Mundu mailako erabakiak izan behar dute. Ukrainako gerraren kontuarekin, Europan ikatza erretzen hasi gara berriz. Begira zein azkar egiten den atzera, aurrera egitea kostatzen denarekin.