Zortzi bikotek eman dute izena Bergarako Dantza eta Musika Eskolak antolatutako 2022ko dantza askatu txapelketarako. Tartean dira, nola ez, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.
Udan lehiaketa asko jokatzen dira, eta dantzariek ondo ezagutzen dute elkar. Faborito nagusiei buruz galdetuta, bergararrek Gorka Granado eta Maren Galvez aipatzen dituzte. "Azpeitiko Laura Bastida eta Ekain Uzkudun ere maila oso onean daude, baina uste dut ez direla Bergarara etortzekoak", esan du Murgiondok.
Elgoibarko San Bartolome jaietako txapelketa irabaztetik datoz Galarraga eta Murgiondo. Maila ona dute, baina ez dira bakarrak. "Ordutik, pare bat txapelketa jokatu ditugu, eta bigarren eta hirugarren postuak lortu ditugu". Dena den, gogotsu daude herriko txapelketarako. "Bai, herriko txapelketa beti izaten da berezia. Presioa handiagoa da, baina gozatu ere asko egiten da. Aurten, gainera, nahiko ondo gabiltza. Denbora gutxiago izan dugu entseatzeko, baina uda ondo doa".
Galarragak eta Murgiondok ondo ezagutzen dute elkar. Badira zortzi bat urte txapelketaz txapelketa dabiltzala elkarrekin. Badakite Moises Azpiazuren omenezko txapelketa irabaztea zer den. 2019an eta 2020an jantzi zuten txapela. Iazkoa Oarsoaldeako Katerin Artolak eta Iker Belintxonek eraman zuten. Bergararrak Euskal Herriko dantza txapeldunak ere izan dira 2019an.
Ikuskizuna, ziurtatuta
Maila handiko dantzariak elkartuko dira zapatuan Bergaran. Txapelketa Seminarioan jokatuko da, 20:00etan hasita. Bergararrez gain, oraingoz izena emanda dauden bikoteak hauek dira: Maren Galvez-Gorka Granado (Lezo-Sopela), Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia), Nahia Urkizu-Ione Aranberri (Azpeitia-Itziar), Ane Jaunarena-Endika Osa (Lezo), Iker Urrestilla-Leire Urrestilla (Zestoa), Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia) eta Elaia Elorza-German Aranburu (Azpeitia).