Plazara itzuliko da sanmartinetako azoka aurten

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 9a, 09:15

2015ean jarri zuten azkenengoz sanmartinetako azoka herriko plazan. (Argazkia: GOIENA).

Barazki, fruta eta gazta azoka eta lehiaketak egingo dituzte bihar San Martin plazan; taloak, eztia eta odolosteak dastatzeko aukera ere egongo da, besteak beste.

Aurreko urtean COVID-19 neurriekin Ibargarain ospatu bazen ere, aurten normaltasun osoz dator sanmartinetako tradizio egun hau. Barazki, fruta eta gazta azokaz eta lehiaketaz gozatzeko aukera egongo da 09:30etik aurrera. Aurten, bi kokaleku izango ditu azokak: alde batetik, San Martin plazan barazki, fruta eta gazta lehiaketei lotutako postuak egongo dira. Guztira, sei fruta eta barazki ekoizle eta beste horrenbeste gazta saltzaile izango dira. Baita bestelako postu batzuk ere; tartean, Ekoudalatx eta ezti ekoizleak. Bestetik, Seminarioko patioa hartuko du azokak eta han kokatuko dira gozogintza, arrain-kontserba eta hestebeteen postuak, besteak beste.

Salmahai horiez guztiez gain, San Martin plazan odoloste postua jarriko dutela iragarri du Bergarako Udalak, herriko Imaz, Leturia eta Urzelai harategiei esker. Halaber, eguerdian, Erlantz Olabarriak eztiaren eraldaketaren inguruko erakusketa egingo du Seminarixoan. Ondoren, ekimen horretan ateratako eztia dastatu ahalko da. Maider Osa Kultura teknikariak azaldu duenez, indartu egin nahi izan dituzte ekoizleak, baita lehiaketa bera ere. Hori izan da aurten saltzaileak San Martin plazan kokatzearen arrazoia.

Azoka eta lehiaketa

Feriaren ezaugarrietako bat da lehiaketa bera; bai barazki eta frutena, baita gaztarena ere. Osak aurreratu duenez, barazki eta fruten kasuan, kontuan hartuko dituzte, hala nola, ekoizle bakoitzak ekarritako produktuen aniztasuna eta postuaren itxura.

Gaztari dagokionez, Idiazabal elkartekoak etorriko dira gazta lehiaketara eta epaimahaiko kideak ere eurak izango dira. Osak baieztatu du 20 bat gaztagilek eman dutela izena, momentuz: "Hala ere, egunean bertan egongo da izena emateko aukera, San Martin plazara etorrita 09:30etik 10:30era bitartean".

Ortutik plazara

Beste urte batez hartuko dute parte azokan Bergarako Etxague Azpikoa baserriko Karmen Etxeberriak eta Elkoro baserriko Ane Gorosabelek. Biek sasoiko barazkiak izango dituzte salgai. Aurreko urtean, gainera, barazki lehiaketako hirugarren saria partekatu zuten. Uztari erreparatuz, adierazi dute ekoizpena ez dela hain hona izan beste urteekin alderatuta, dena eguraldia dela eta. Gainera, bat etorri dira lekaren uztaz hitz egitean: "Leka loratzeko arazoak izan ditugu. Beroarekin lore asko galdu da".

Debagoieneko egoeraz galdetuta ere, biak ados: "Oso makal dago. Geroz eta ekoizle gutxiago daude. Inguruko gazteek ogibidea utzi dute, zailtasunak dituztela ikusita".

Etxeberriak eztia ere ekoizten du, eta San Martin plazara eramango duela baieztatu du. Azaldu duenez, aurtengo denboraldia hobea izan da aurrekoarekin alderatuta; hala ere, arazoekin jarraitzen dutela: "Liztorra ari da sartzen, bete-betean dago. Barroa akaroaren arazoa daukagu".

Gorosabelek nabarmendu du halako azokak bereziak direla eta ez bertaratzen direnek ez dituztela asteko erosketak egiten. Jende kopuruaz galdetuta: "Aurreko urtean koronabirus neurriekin ospatu zen egun hau. Hala ere, ez dut uste jende gehiago ibiliko denik. Txukuna izan zen eta aurten berdin izango delakoan nago".

Karmen Etxeberria: "Ekoizleok laguntzak behar ditugu"

Karmen Etxeberria, Etxague Azpikoa baserriko produktuak saltzen. (Argazkia: K.E.)

Karmen Etxeberriak zortzi urte daramatza lehiaketetan parte hartzen. Barazkiez gain, fruta eta eztia ere eramango ditu. Azpimarratu du euren egoera ez dela oso ona: "Daukagun eguraldiak asko eragiten du, eta produkzioan igarri egiten da. Agintariek kontuan hartu beharko lukete, nolabait laguntzeko. Gure sektorea gogorra da".

Etxeberriak dio duela bi hilabete eman zutela izena azokan parte hartzeko. Kexu agertu da, ordea, egun gutxiren faltan postua non jarri behar duen ez dakielako: "Bost egun falta dira eta ez daukagu inongo informaziorik; ze mahaitan, ze lekutan izango garen. Lotsagarria da. Gutxienez, 15 egun lehenago jakin beharko genuke non kokatuko garen".

Ane Gorosabel: "Nik neuk lehiak kenduko nituzke"

Ane Gorosabel eta Jon Patxi Ayastuy azoka batean. (Argazkia: A.G.)

Ane Gorosabelek sei urte daramatza parte hartzen. Oraingoan, ordea, ezberdina izango da, duela gutxi Jon Patxi Ayastuy bazkidea gehitu zaiolako proiektura: "Hasi nintzenetik bakarrik ibili naiz. Uste dut pertsona berri honek lanpostua bera egonkortzeko balioko duela".

Lehiaketei ez die zentzu handirik ikusten, eta, ondorioz, kendu egingo lituzke: "Bailaran oso gutxi mantentzen gara sektorean. Nik neuk gure arteko lehia hori kendu egingo nuke, behingoz. Estetikari ematen zaio garrantzia handia, eta uste dut ez dela egiten atzeko proiektuaren baloraziorik. Denok saiatzen gara gure ogibidea hortik ateratzen, eta, zerbait saritu nahi bada, hori saritu beharko litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak