Alex Labaien: "Ez dago hizkuntza zailik, ezta errazik ere"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko ira. 10a, 09:36

Alex Labaien, Bergarako Udal Euskaltegian. (Argazkia: I.A.A.)

Duela 10 urte baino lehenago hartu zuen zuzendari postua Alex Labaienek; une honetan, matrikulazio garaian dago murgilduta Bergarako Udal Euskaltegia, hilaren 28ra arte eman baitaiteke izena.

1991 ezkero ari da irakasle lanetan Alex Labaien Bergarako Udal Euskaltegian; eta dagoeneko 10 urte baino gehiago daramatza zuzendari. Hizkuntzarekin lan egitea asko gustatzen zaio, eta haren ogibideak asko asetzen du.

Irailaren 28ra arte dago matrikulazioa zabalik.

Halaxe da. A1-etik C2-rako maila guztiak ikasteko aukera dago aurrez aurre nahiz autoikaskuntza bidez. C2 soilik aurrez aurre eskaintzen dugu.

Azterketekin loturarik ez duen jarduna ere baduzue, ezta?

Bai, eta herritar askori interesatzen zaio, gainera. Alfabetatze taldea da. Jende euskalduna da, eta ez dute helburu titulua ateratzea. Batez ere irakurmena trebatu nahi du; idazten ere bai, baina maila apalagoan. Astean bi saio egiten ditugu. Oso emaitza onak ditu, eta indartu egin nahi dugu.

Bestelako proiekturik baduzue?

Esaterako, mintza-taldeak sortu nahian gabiltza. Bergaran badago Berriketan programa, baina horren indargarri izan daiteke mintza-taldea sortzea. Bestetik, euskalkiak eta hika ikastaroak ere eskaintzen ditugu. DBH-ko herriko ikasleei, berriz, hizkuntza errefortzuak. Enpresetan ere euskara irakasten dugu.

Etorkinak integratzeko modua izan daiteke euskara ikastea?

Etorkinen taldeak ere baditugu. Sarrera ikastaroak dira. Egia da, ordea, geroz eta gehiago ari direla ohiko prozesuan sartzen hasieratik.

Euskara ikasteko dirulaguntzak ere badaude.

Euskaltegiak eta Jaurlaritzak ematen dituzte. Gaur egun, euskara ikasteko dirua aurreratu egin behar da, baina, ondoren, diru-kopuru osoa berreskuratu egin daiteke laguntzekin.

Zein dira ikasleen ahultasunak?

Beheko mailetan mintzamena izan ohi da. Goiko mailan, aldiz, idazmena.

Euskaraldia badator. Ekimen berezirik ari zarete prestatzen?

Belarriprest figura kontuan hartuta, tabernariekin berbetan ari gara. Zerbitzari asko daude erdaraz hitz egiten dutenak, eta harremanetan gaude talderen bat osatzeko.

Nolakoa da euskararen erabilera Debagoienean?

Ez zait iruditzen txarra denik. Ezagutza maila handia dela garbi dago. Kaleko erabilera gure garaikoa baino handiagoa da. 13-14 urteko gazteek badute gaitasuna, baina etena egoten da. Hor ikusten dut ahulgunea.

Zure lanaren alderik onena?

Harremanak. Talde-giroa oso ona da, eta harremanak hobeak izaten dira. Gure lanak satisfazio handia ematen digu.

Garrantzitsuena, motibazioa

"Etxean askotan aipatu izan dugu ez dagoela hizkuntza errazik, ezta zailik ere. Kontzeptu subjektiboak dira, eta bati erraza egiten zaiona bestarentzat zaila izan daiteke. Nire ikasle izandako emakume hegoamerikar batekin egin nuen topo, eta euskara ikastea oso zaila dela esan zidan. Parean mutil gazte senegaldar bat geneukan eta esan zigun gaztelania ikastea zela zaila. Dena kulturala da. Gakoak motibazioa eta daukazun ingurua dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak