Erasoak eraso, diote, gune autogestionatuaren alde lanean jarraituko dute: "Bergarako herriari esan nahi diogu gune autogestionatu honetan jarraituko dugula, gu geu antolatzen, ekintzak antolatzen, eta denon ondarea dan espazio hau zaintzen. Azkenengo urteetan bereziki, eragile askok eta askok erabili dute euren ekintzak aurrera eroateko, eta denon babesa da beharrezkoa".
Hainbat eragilerendako gunea
Kartzela zaharreko koordinadorak gogora ekarri du hainbat eragilerendako espazioa dela Kartzela zaharra, hala nola, Txapa Irratia, Kopla barik bertso eskola, Gazte Kontseilu Sozialista, Maijoku elkartea, Itaia, Jau! haur eta guraso asanblada, KIT irakurketa taldea, Angiolillo liburutegia, Ikasle Abertzaleak, Ernai, Gitarra taldea, Bergarako Elektronika Topaketa, Lubaki, Bergarako emakume migratuak, Egubakoitzak berreskuratzen eta Martxanterak talde feminista.
Lapurrak herritarrak direla "argi" dute
Kartzela zaharreko koordinadorak salatu duenez ez da lehen aldia lapurrak sartzen direna eta, diotenez, "argi" dute herritarrak izan direla lapurrak: "Ez da lapurretan egiten duten lehen aldia, azken urteotan hainbat eraso bizi izan ditugu Kartzela zaharrean. Oraingo honetan, kalte ekonomiko benetan larria eragin dute. Denbora asko daroagu espazioa berritu eta bereziki negurako berogailu sistema hobetzeko lan egiten. Modu kolektiboan eta herrira begira sortzen dihardugunaren kontrako eraso bat da. Argi daukagu, eraso hau herritar batzuengandik jaso dugula, eta oraingo honetan bereziki agerian geratu da. Aste honetan egin dugun biltzarrean hau ez errepikatzeko eta kartzela zaharra gune seguruago bat izateko neurriak hartzen hasi gara".
Bono-laguntzak San Martin jaietarako
Kalte ekonomikoa arindu nahian elkartasunerako deia egin du Kartzela zaharreko koordinadorak, izan ere sortu dan kalteari aurre egiteko bono-laguntzak aterako dituzte sanmartinetan. Aurrerago ekintza gehiago antolatuko dituztela diote eta bergararrei dei egin diete ekintza horietan parte har dezaten.