Kontzejuko erregistroak digitalizatzen ari dira Bergarako Udal Artxiboan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ira. 2a, 19:45

Udal Artxiboko arduradun Arantzazu Oregi, digitalizatu berri duten dokumentu bati begira.

1488tik 1796ra bitarteko askotariko dokumentuak katalogatzen eta digitalizatzen ari da Udal Artxiboa, garai bateko Eusko Jaurlaritzaren mikrofilmetatik; abuztua 5a ezkero 6.481 pdf berri daude eskuragarri bergarakoartxiboa.eus webgunean.

Bi asteko etenaldia izan arren, abuztuan zehar lanean jarraitu du Bergarako Udal Artxiboak. Artxibo barruan dituzten proiektuen artean badago nobebade bat; izan ere, abuztuaren 5a ezkero kontsultatzeko moduan daude kontzejuko erregistro liburuen hainbat dokumentu; kontzejuko erregistro seriearen 48 liburu hustu eta digitalizatu dituzte, 1488tik 1796 urte bitartekoak. Hau da, abuztuaren 5a ezkero 6.481 PDF berri daude kontsultatzeko moduan bergarakoartxiboa.eus webgunean.

1488tik 1796ra arteko agiriak

Baina zer dira kontzejuko erregistroak? Honela azaldu du Udal Artxiboko arduradun Arantzazu Oregik: "XVI. mendean hasten den serie bat da. Udal aktak, diru kontuak, Diputazioko aginduak, erregearen aginduak... denetarik dago. Garai hartan urtero edo bi urtean behin dokumentu horiek guztiak koadernatu egiten zituzten eta kontzejuko erregistroen serieak sortzen joaten ziren. Horrek esan nahi du denetarik dagoela eta informazio oso aberatsa eta interesgarria dela... Baina baita oso ezberdina ere. Kronologikoki jasotzen zuten liburuetan bestelako irizpiderik gabe eta, beraz, oso zaila da kontsultatzeko".

Mikrofilmetatik PDFetara

Kontzejuko erregistroak digitalizatzeko lanetan duela urte asko hasi ziren, Oregi bera artxiboan hasi aurretik. Oso lan nekeza eta luzea dela dio: "Dokumentu bakoitzeko hustuketa bat egiten da, hau da, liburu bakoitzeko informazioa katalogatzen joaten gara. Hori da lan nekezena eta luzeena; gero, dokumentu horiek guztiak mikrofilmatu egin ziren eta mikrofilm horietatik digitalizatzen joan ginen".

Liburuak mikrofilmetan sartzeko lanketa bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak aspaldi, tartean udal artxiboekin, eta lanketa horri esker Bergarako Udal Artxiboan hainbat mikrofilm dituzte. "Orduan erosi genuen mikrofilmak kontsultatzeko aparatua, gaur egun katalogotik kanpo dagoena; mikrofilmak irakurtzeko aukera ematen digu baina ezin dugu kopiarik inprimatu. Izan ere, tinta barik geratu zen duela urte batzuk eta gaur egun ez da ekoizten tinta mota hori halako aparatu baterako". Mikrofilm biribilki bakoitzak 400 fotograma inguru ditu eta fotograma bakoitza 24 aldiz txikituta dago tamaina errealarekiko.

Dokumentuak digitalizatzeko lanari aspaldi ekin zioten: "Unean uneko baliabideen arabera antolatzen ditugu proiektuak; bide luzea dugu aurretik, baina egin ditugu hainbat lan. Akta liburuak, adibidez, eskuragarri daude denak; orain, kontzejuko erregistroarekin gabiltza".

Argazkien arrakasta "itzela"

Bestalde, otsailean aurkeztu zuten Udal Artxiboaren webgune berritua, artxiboa herritarrei gerturatzeko. Arrakasta "itzela" izan zuen hasieratik, bereziki XIX. mende amaieratik XX. mende amaierara arteko argazkiek; bolo-bolo ibili dira. Halaxe ziurtatu du Oregik: "Aurretik digitalizatuta genituen argazkiak eskuragarri jarri genituen eta hainbat eta hainbat herritar aritu ziren argazkiok ikusten. Orain bertan ez daukat kopuru zehatza, baina 20.000 deskargatik gora izan ditugu, kopuru oso esanguratsua da".

Lan horrekin ere jarraitzeko asmoa dutela dio Oregik, artxiboko proiektu gehienen antzera beti dagoelako digitalizatzeke dagoen materiala: "Toribio Jauregiren fondoa da handiena. Mila biribilki baino gehiago eman zizkigun eta horiek guztiak digitalizatzea eta argazkiko informazioa deskribatzea zein protagonistak identifikatzea dirua da. Poliki-poliki joango gara guztiak digitalizatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak