Aurten bai, aurten pandemia aurreko baldintzetan ospatuko dituzte bergararrek San Martin jaiak. Egitarau osoa datorren astean aurkeztuko du Udalak, baina dagoeneko eman du festotako ekitaldi esanguratsuenen artean dagoen feriaren berri. Irailaren 10ean egingo da azoka, 09:30etik 13:30era, eta bi kokaleku nagusi izango ditu: San Martin plazan fruta, barazki eta gazta ekoizleak egongo dira, eta gainontzeko ekoizleek eta saltzaileek Seminarioko patioan jarriko dituzte euren postuak. Ohiko lehiaketak egingo dira fruta, barazki eta gazta ekoizleen artean, eta saridunak 13:30ean emango dituzte aditzera.
Feria: eztia eta taloak, nobedade
Feriak izango du nobedaderik. Lehena da erleen erakustaldia egingo dela 12:00etan San Martin plazan. Erakustaldi horretan eztiaren eraldaketa bertatik bertara ikusteko aukera egongo da, eta eztia eraldatu ondoren dastatzeko aukera ere egongo da. Beste nobedade bat da Seminarioko patioan jarriko den Mieltxo Saralegiren talo postua.
Bestalde, feriako klasiko bat izan ohi diren odolosteak ez dira faltako; Urzelai, Imaz eta Leturia harakinen odolosteak izango dira eta San Martin plazan egongo den txosna hori Harrera Taldeak kudeatuko du. Gainera, Jardunek umeendako tailerrak antolatu ditu eguerdirako, eta, bestalde, 17:30ean, gaztetxoendako zezentxoak eta poneyak egongo dira Seminarioko patioan.
Danborradak bueltan, azkenik
Ohiko San Martin jaiek ekitaldi jendetsurik badute, horiek danborradak izan ohi dira. Helduena irailaren 15ean irtengo da udal biltegitik, 22:30ean; umeena, berriz, irailaren 16an irtengo da leku beretik, 18:30ean. Gaur, irailak 1, amaituko da helduen danborradan izena emateko epea –hurrengo astean emango du aditzera Udalak talde kopurua–, eta entseguak irailaren 5ean, 7an, 8an, 12an, 13an eta 14an izango dira Seminarioko karpan, 20:00etan hasita –derrigorrezkoa izango da entseguetara joatea–. Umeen danborradan izena emateko nahikoa izango da entseguetara agertzea; helduen entseguen egun beretan elkartuko dira, 19:00etan.
Munibera itzuliko da Xaxau
Xaxauk eman du Munibe plazako txosnaguneko egitarauaren berri. Irailaren 15ean irekiko dituzte txosnak (19:00), eta ondoren, pintxo-potea eta bikote jolasa (19:30) izango dituzte. Irailaren 16an, mojito festa (19:30) eta kontzertuak izango dituzte (20:00): Nhil, Golden Blend, Lizartxo eta DJ Xaxau. Irailaren 17an, marianito festa eta oliba-hezur jaurtiketa lehiaketa (13:00); herri bazkaria eta bingo musikatua (14:30); karropoteoa (18:30); eta Kilimak, Virgin Mari eta DJ Hirukiak taldeen emanaldiak izango dituzte.
Xaxautarrak "oso gogotsu" daude betiko sanmartinez gozatzeko: "Iaz, formatu mugatuan egin behar izan genuen, eta orain, bueltan gatoz ohiko jaiekin. Askotariko ekintzak antolatzen saiatu gara; adibidez, ohi baino jolas eta joko gehiago antolatuko ditugu. Gainera, musikari dagokionez, herriko eta eskualdeko taldeek presentzia berezia izango dute. Animatu parte hartzera!".