50 urte bete ditu aurten Manso optikak. 1972an zabaldu zuen Pilar Mansok, eta haren alaba Cristina Revueltak eman dio jarraipena negozioari, bokazioz. Dagoeneko 28 urte daramatza lanean. Ikusmen-azterketa osoak, tonometria, erretinografia, kornea-topografia eta halako zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Jaiotzear zeundela zabaldu zuen zure amak optika.
Zazpi hilabete eta erdiko haurdun zegoen ama. Irekiera data atzeratzen ari zen. Ingurukoek ni jaio arte zain egoteko esan zioten, baina zabaltzea erabaki zuen. Lanean aritu zen erditzeko eguna iritsi arte, eta handik egun gutxira itzuli zen. Uste dut ausarta eta berritzailea dela duela 50 urte unibertsitate-ikasketak izan eta negozioa zabaltzea.
Argi zeneukan amaren bidea jarraitu nahi zenuela?
Txikitan askotan etortzen nintzen hona, eta asko gustatzen zitzaidan. Medikuntzaren eta optikaren artean neukan zalantza, baina hauxe aukeratu nuen.
Nola aldatu da negozioa urte hauetan guztietan?
Teknologian aurrerapen asko egon dira, duda barik. Esaterako, kristalak moztea eskulana zen; orain, makinan datuak sartzen ditugu eta hark egiten du. Azterketak ere argiarekin eta lenteak eskuz jarrita egiten ziren. Gaur egun, makina batek ematen dizu informazio guztia. Hala ere, beti irakurri izan dira letrak azterketetan.
Pantaila aurrean denbora asko pasatzen dugu.
Ikerketarik indartsuena miopiaren kontrolarena da; bereziki, haurrena. Betaurrekoekin edo ukipen-lenteekin miopiaren garapena gelditu nahi dute. Miopiak begi-globoa handitzen du, eta hori ez du kentzen miopiatik operatzeak. Ondorioz, ebakuntza egin arren, ikusmen-arazoak sor daitezke. Ikusmen arazorik ez izan arren, argi urdinetik babesteko lente neutroak erabiltzea komeni da.
Zenbatean behin egin behar dira ikusmen-azterketak?
Bi urtean behin egitea gomendatzen dugu; arrisku faktoreak badaude, epe laburragoan egiten dira. Oso garrantzitsua da azterketa osoa egitea. Gaixotasun batzuk asintomatikoak dira, eta bila joan arte ez dira aurkitzen.
Betaurrekoak ala ukipen-lenteak?
Pertsona bat mundu bat da. Beharren araberakoa da. Horretarako, bezeroa bera eta ohiturak aztertu behar dira.
Zure lanaren alderik onena?
Nire lana pila bat gustatzen zait: pazienteen arazoei irtenbidea ematea, eurekin dudan harremana... Lanera joan behar eta "ze ondo!" esatea gozamena da.
Zenbatekorik gabeko kontua
"Nire ama bergararra izan arren, garaia dela-eta optika ireki zuenean ez zekien euskaraz. Baserritar asko etortzen ziren hona eta esfortzu handia egiten zuten nire amarekin gazteleraz hitz egiteko. Gizon batek behin esan zion nire amari: 'Ajustar, ¿ya se podrá?'. Betaurrekoak neurrira jarri zizkionean, kontua eskatu zion, eta 'sin cuenta' esan zion amak. Gizonak berrogeita hamar zelakoan, ez zekiela solte izango zuen esan zion".