Hainbat presa ari da eraisten Gipuzkoako Foru Aldundia Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abu. 3a, 14:46
Matxiategiko presa eraitsi dute. (Argazkia: I.A.A.)

Deba ibaian 10 presa baino gehiago kenduko ditu Aldundiak, Elgoibar eta Elorregi auzoaren artean. Eraisketak Europa mailako Merlin izeneko proiektuaren barruan kokatzen dira. Horren helburua da proiektu berritzaileak gauzatzea ur gezetako ekosistemak berreskuratzeko. Dagoeneko autobus geltoki parean dagoen presa bota dute, Matxiategi presa.

Azken asteetan, Bergarako autobus geltokiaren ondoan dagoen Matxiategi presa eraisteko lanetan aritu da Gipuzkoako Foru Aldundia. Bergarako Udaleko Ingurumen teknikari Nerea Egiak azaldu duenez, Deba ibaian dauden hainbat presa hasi da eraisten Gipuzkoako Foru Aldundia; eraisketak Europa mailako Merlin izeneko proiektuaren barruan kokatzen dira. Guztira 44 erakundek hartu dute parte, eta helburua da "ibaian egon daitezkeen arrain eta beste bizidunentzako konektagarritasuna hobetzea".

Egiak azaldu du proiektuan hiru lan ildo zehaztu dituztela: "Alde batetik, hezeguneak; bestetik, mugaz gaindiko ibai luze eta zabalak, eta, azkenik, erreka-ibilgu estuak. Hor kokatzen dira Deba ibaiko presen lanak". Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EHUk hartu dute parte hirugarren ildo horren baitan.

EHUren tailerrak

Euskal Herriko Unibertsitateak ere hartu du parte proiektu honetan. Bergarako Udaleko Ingurumen teknikariak esan du EHUren helburuetako bat dela "herritarrek ibaien ekosisteman duten pertzepzioa jasotzea". Ondoren, behin presak botata "jarraipena egin nahi dio herritarren pertzepzioari, horietan aldaketarin egon den ikusteko".

Gainera, presak eraitsiko diren herrietan tailerrak antolatu dituzte. Bergaran  egin zituzten ikastaroak eta erantzun "polita" izan zuten; hogei lagun inguruk hartu zuten parte.

Datozen hilabeteetan zer?

Nerea Egiak aurreratu duenez, "horrekin batera, baditu beste bi proiektu Gipuzkoako Foru Aldundiak Bergaran. Elorregin eta Labegaraietan beste presa bana botatzea".

Azken horiekin, ordea, "mugak" dituzte: "Ondare aldetik udal mailako babesa dute; beraz, beraien deskatalogazioa beharko genuke eraitsi baino lehen, eta horretan gabiltza lanean Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare zuzendaritzarekin lanean ikusteko proiektu horiek nola gauzatu daitezkeen".

Halaber, Merlin proiektutik kanpo, lau presa txiki eraitsiko ditu Uraren Euskal Agentziak Deskarga ibaian, "helburu berarekin". Astelehenean, hilaren 8an, hasiko dituzte lanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak