"Ez nuen esperantza handirik, egia esan", zioen Aitor Markiegi Bazkaranek Xabi Urtzelaik Espainiako selekzioaren deia jaso izanaz galdetu zionean, Goiena Aldizkariaren uztailaren 22ko alean egindako elkarrizketan. "Harrituta" zegoen, infantila izanik –14 urte–, bi urte nagusiagoak ziren kadete edo 16 urtez azpiko taldearekin Europako txapelketa jokatzeko aukera eman ziolako hautatzaileak. "Badakit hor egotea saria dela, eta esperientziaz gozatzen ahaleginduko naiz", esan zuen.
Zilarra
Uztailaren 27tik 31ra Valladoliden jokatutako txapelketan, baina, lehiatzeko zegoela erakutsi du Burdinola Irristaketa Klubeko jokalariak. Multzokako fasean hiru neurketak irabazita heldu ziren Espainiako selekzioko kideak finalerdietara –Txekiar Errepublika, Belgika eta Finlandia izan zituzten aurkari–; bost golekin itxi zuen bergararrak lehen fasea. 3-0 garaitu zuten Italia finalerako bidean, baina urrearen borrokan ezin izan zuten lehen neurketan bat eta huts garaitu zuten Txekiar Errepublikako selekzioa bigarrenez gainditu: 0-2.
Txapelketak emandakoaz galdetuta, "pozik" da Markiegi, bai talde mailan, baita maila pertsonalean ere. "Txapelketa borobila egin dugu finalera heldu arte, partidu guztiak irabazita", adierazi dio Goienari, eta, "errotazioak tarteko, jokatzeko aukera izan dut". Azken neurketan, baina, "golak sartzea" falta izan zitzaiela aitortu du, "izan genituen eta aukerak". Zilarrezko domina ekarri du Gaztelatik Bergarara.
Jokalari onena
Baina dominatik harago, banakako aipamena ere jaso zuen bergararrak: Europako txapelketako jokalari onena izendatu zuten Markiegi. Hainbat neurketatan "lan ona" egin izanaren sentsazioa izan arren, espero ez zuen saria izan dela aitortu du Burdinolakoak; hein handi batean, "oso jokalari onak" izan dituelako inguruan. "Nire izena entzutean, poz handia hartu nuen", onartu du.