Aitor Markiegi: "Europako Txapelketa urteko lanaren saria da"

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 23a, 09:00
Aitor Markiegi, Burdinolako elastikoarekin.

Datorren eguaztenetik domekara bitartean jokatuko dute, Valladoliden, 16 urtez azpikoen Europako Txapelketa, eta Espainiako selekzioarekin jokatuko du Aitor Markiegik (Bergara, 2008). Bergarakoa Burdinolako taldeko defentsa da. "Nahiz eta beharra dagoenean aurrelari ere jokatzen dudan".

Ezustean hartu duzu Espainiako selekzioko deialdian sartu izana?

Duela hiru aste inguru Valladoliden izan nintzen, selekzioaren egonaldi batean. 22 jokalari batu ginen han, eta atezainekin batera hautatzaileek beste hamabi jokalari aukeratu behar zituzten. Ez nuen esperantza handirik, egia esan; nik 14 urte ditut, eta jokalari nagusiagoak zeuden han. Jokalari onak, gainera. Guztira, hiru egun egin genituen han, eta entrenamendu saioek aurrera egiten zuten neurrian ikusten nuen geroago eta aukera handiagoak nituela. Eta hala izan zen.

Burdinolako jokalari bakarra izan zara egonaldi horretan esku hartu duena?

Emakumezkoen selekzioarekin jokatzeko nire arreba Itsaso Markiegi eta Ainhoa Salillas ere deitu zituzten egonaldirako; biak dira Burdinolakoak. Baina, zoritxarrez, haiek ez zuten zorte bera izan.

Esanguratsua da bi urte nagusiagoak direnekin izango zarela taldean.

Bai, ni ere harrituta geratu nintzen, egia esan.

Eta zer espero duzu Europako Txapelketatik?

Sekulako esperientzia izango da. Txekia, Italia, Eslovakia... Selekzio indartsuen kontra jokatuko dugu eta ni Espainiako jokalari onenekin inguratuta egongo naiz. Badakit hor egotea saria dela, eta esperientziaz gozatzen ahaleginduko naiz, eta nire onena ematen, jakina. Halako txapelketa bat jokatzea ez da egunero egiten den zerbait.

Baduzue aurrean ibiltzeko itxaropenik?

Nik uste dut oso talde polita daukagula, baina egia da iaz Espainia ez zela 16 urtez azpiko Europako Txapelketara joan; 18 urtez azpiko jokalariak joan ziren, baina ez gure kategoriagoak, eta erreferentzia hori falta zaigu. Asteazkenetik aurrera ikusiko dugu zein den gure maila. Esango nuke Eslovakia dela faboritoa. Baina egia da, baita ere, selekzioak etxean jokatuko duela.

Garrantzitsua izango da jokalariak elkarren artean ezagutzea, taldea egitea.

Bai, zalantza barik. Astelehenean trenez joango naiz Valladolidera, eta asteazkenera arte entrenamendu saioak egingo ditugu elkarren artean hobeto ezagutzeko, zelan jokatu behar dugun jakiteko... Garrantzitsua izango da hori, bai.

Zer-nolako jokalaria zara?

Defentsa jokatzen dut, normalean, baina beharra dagoenean aurrelari ere aritu naiteke. Horrekin batera, esango nuke nahiko ondo patinatzen dudala.

Urte polita egin duzu aurten.

Burdinolarekin eta euskal selekzioarekin jokatu dut eta liga irabazi dugu bai infantiletan eta baita gazte mailan ere. Eta, Espainiako ligan hirugarren sailkatu gara. Horrekin batera, Madrilen jokatu genuen Espainiako infantil mailako txapelketan seigarren sailkatu ginen. Uste dut lan handia egin dudala aurten, eta hau sari moduan hartzen dut. Oso urte polita izan da, egia esan.

Zer behar du hockeyko defentsa on batek?

Alde batetik, erreflexu onak izatea eta, aldi berean, azkarra izatea. Eta bestetik, defendatzen ari zarenean posizio ona mantentzen jakitea. Horiek nabarmenduko nituzke.

Espainiako selekzioan egongo den euskaldun bakarra zara?

Ez, Bilboko Metropolitano taldetik ere hainbat jokalari izango dira selekzioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak