Musika eta ikuskizunak datozen egunetarako, Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 22a, 13:01
La Furia, promoziorako argazki batean. (Argazkia: Javier Portillo)

Gaur bertan emango dio amaiera The Big Marteen's taldeak aurtengo Berumuga musika zikloari eta uztaileko Usondoko emanaldiak La Furiaren kontzertuak itxiko ditu; halaber, abuztuan, familientzako bi lan izango dira ikusgai Fraiskozuri plazan.

Datozen asteetan kultura ekitaldi eskaintza zabalaz gozatzeko aukera egongo da, musikatik hasi eta magia nahiz bestelako ikuskizunek hartuko baitituzte herriko txokoak.

Berumugaren azkena

Gaur, Berumuga egitasmoaren azken kontzertua izango da Espoloian, gaueko hamarretan hasita. Oraingoan, The Big Marteen's Montpellierko (Frantzia) taldearen txanda izango da, eta euren swing eta blues doinuek girotuko dute egubakoitz gaua. Vince Bassou gitarrista, harpa-jotzaile eta abeslariak gidaturik arituko dira Remi Peleyras, Simon Laurent, Hugues Lehembre, Richard Altier eta Auguste Caron musikariak.

Abesti propioek nahiz bertsio handiek osatutako errepertorio dantzagarria taularatuko dute. Swing, rhythm-and-blues eta rock-and-roll zaharrenaren testuinguruan murgiltzen da banda frantses hau.

Uztailaren 1ean eman zitzaion hasiera Berumugari eta ordutik nazioarteko eta Euskal Herriko hiru talde pasa dira Espoloitik aurten: Son Rompe Pera mexikarrak, Arima Soul donostiarrak eta The Recerend Shawn Amos & The Brotherhood amerikarrak.

La Furia, uztailaren 28an

Berumuga ez da uztailerako antolatu duten egitasmo bakarra. Usondoko gauak alaitu dituzte orain arte Pelaxek, Ertzakek, Potx eta Lotxek eta Liherrek. Ekimen honetan azken kontzertua eskaintzea falta da, eta La Furiak musikatuko du Usondo Parkea datorren eguenean, gaueko hamarretan hasita.

Post mortem disko berria eta Pecadora aurreko lana eszenaratuko dituela aurreratu du artista nafarrak. Guztira, lau emakume igoko dira oholtzara: DJa, bi dantzari eta, nola ez, La Furia bera, musika guztiari ahotsa jartzeko prest. Emanaldiari dagokionez, zerbait berezia prestatu dute: "Ez da ikuskizun musikala izango soilik. iruditzen zait bisualki interesgarria izango dela. Xehetasun guztiak ongi zaindu ditugu; bai estetika, bai edukia, baita argiztapena ere".

Abestiak kantatu bai, baina kontakizun bat taularatu nahi dute emanaldian, eta "istorioa denen artean kontatzen" saiatzen direla dio, "bakoitza bere ikuspuntutik. Batzuek dantza jartzen dute; nire kasuan, berriz, ahotsa".

La Furiak dio "luxua" dela egunero gurutzaten dituen pertsonen aurrean jotzea

Musikaria nafarra den arren, Arrasate du bizileku eta aitortu du gogo "handiarekin" datorrela Bergarara: "Asko maite dudan herria da Bergara. Denbora gutxi daramat bailaran bizitzen, baina oso ondo hartu naute hasieratik. Arrasatetik gertu jotzeak eta jendea ezagutzen dudan lekuetan jotzeak ilusio handia egiten dit".

Bartzelonan, Cadreten eta Getafen eman ditu kontzertuak, besteak beste, La Furiak azken hilabeteetan. Dena den, etxera itzultzea "gozamena" dela aitortu du: "Egunero gurutzatzen zaren eta gauzak partekatzen dituzun jendearentzat jotzea eta euren aurrean aritzea luxua da; asko baloratzen dut".

Lantaldearen inguruko hitz onak besterik ez du izan: "Neuk aukeratu dut eta guztiz harro nago". Proiektuaren ekoizle nagusietako bat Iñaki Bengoa da, Arrasateko Shot! estudiokoa. Hura ere bertan egongo da, eta horrek "lasaitasuna" ematen diola azaldu du. Gainera, dio horrek ere "kalitate handia" ematen diola ikuskizunari.

Sorpresez galdetuta, badauka zerbait buruan. Ez du gauza handirik aurreratu, ordea: "Badaukat zerbait pentsatuta. Espero ez dituzten gauzez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek".

Ikuskizun integrala eskainiko du La Furiak Usondon. Euria eginez gero, Espoloira lekualdatuko dute.

Abuzturako bi ikuskizun

Urteko zortzigarren hilabetean bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute etxeko txikiek. Biak ala biak Fraiskozuri plazan izango dira, arratsaldeko zortzietan hasita. Alde batetik, Akelar taldearen Aztikeriak magia emanaldia izango da abuztuaren 3an; bestetik, Zirika Zirkus taldearen Hemendikara emanaldia.

Txoborro eta Tor magoek osatzen dute Akelar taldea, eta Aztikeriak ikuskizunarekin etorriko dira Bergarara. Mago baten deskuidua du oinarri lanak, ikuskizun batera joatea ahazten baitzaio lo hartu duelako. "Unibertso magiko bat, antzerkia eta magia baliatuz" sortu dute bi magoen magia saio "erabat berritzailea".

Abuztuaren azken egunean, 31n, Amaia Leoz, Iraia Garcia, Luis Lainez eta Ainhoa Juaniz Zirika Zirkuseko kideen txanda izango da, Hemendikara taularatuko baitute. Ez da faltako musikarik, dantzarik, zirkuko trebeziarik eta umorerik ekitaldiak dirauen bitartean. Diotenez, "umorea, maitasuna, aniztasuna eta berdintasuna izango dira nagusi".

Zirku konpainia nomada baten istorioa hartuko dute ardatz, eta zirkuko egunerokotasunari ekingo diete antzezleek, ikusleak kanpamentura hurbildu direla ohartu arte. Une horretatik aurrera, eszenografia muntatu eta emanaldiari hasiera emango diote. Euren herrietako kultura eta euskalduna nahastuko dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak