Espazio bakarreko gune bat sortu nahi dute Oxirondon, "azoka sustatzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko uzt. 21a, 15:30

Oxirondoko azoka, barrutik.

Bergarako Oxirondoko azoka biziberritzeko asmoen barruan, Udal Gobernuak iragarri du albo batean obra egingo dela espazio bakarreko gune bat sortzeko eta diote proiektua inplikatuekin batera garatu nahi dutela; EAJ kezkatuta dago gaiaren kudeaketarekin, eta lanerako mahai bat osatzea eskatu du.

Udal Gobernuak iaz abiatu zuen baserritarren "azoka dinamizatzeko eta sustatzeko" proiektuaren barruan iragarri du Oxirondoko azoka moldatzeko asmoa duela: "Azokako albo batean obra egingo da, bertan dauden postu finkoak kenduko dira eta espazio bakarreko gunea sortuko da. Oxirondo azoka bertako produktuaren eta lehen sektorearen erreferentziazko proiektu bilakatzea da helburua. Baserritarren azoka sustatzea eta bertako produktuaren eta agro-ekologiaren aldeko apustua egitea bertatik".

Obrarako datarik ez du zehaztu Udal Gobernuak,  inplikatuekin landu nahi dute-eta proiektua bera

Obrarako datarik ez dute zehaztu, prozesuan inplikatuekin landu nahi dute-eta proiektua bera. Hain zuzen ere, Bergarako baserritarrek, Udalak, Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak, Ereindajan elkarteak eta azokako postuen ordezkariek hartu zuten parte Oxirondori buelta bat emateko prozesuan, eta obraren proiektua haiekin batera landu nahi du Udal Gobernuak.

'Gipuzkoako azoken sarea'

Bergarako azokarako prozesua Gipuzkoako azoken sarea izeneko proiektu barruan kokatu beharra dago. Sare horrek bi lan ildo nagusi ditu: batetik, lurralde mailako norabide komun bat landu eta Gipuzkoako azoken sarea osatu, elkarlanean oinarrituta; eta, bestetik, tokian tokiko azoken etorkizunean ahal beste eragin nahi dute. Bigarren lan ildo horren barruan, 2021ean, Elhuyar aholkularitza enpresaren eskutik Oxirondoko azokaren inguruko hausnarketa prozesua gauzatu zen. Oxirondoren errealitatetik abiatuta, bertako eragileekin etorkizunerako erronkak identifikatu ziren, eta ekintza-plan bat osatu. Halaxe azaldu dute ekintza plana Udal Gobernutik: "Ekintza plan horretan argi gelditu zen eraikinak berak proiektu handiago baten premia zeukala, bertako produktua oinarri izango zuena, eta azoka bera dinamizatuko zuena. Ordurako Bergaran elikadura mahaia sortuta zegoen, herriko eragile ezberdinek osatuta, eta prozesu hau elikadura mahaiko lan lerroetako bat izatera pasatu zen".

EAJ kezkatuta dago obra egingo delako kudeaketa nolakoa izango den zehaztu barik: "Larria da"

EAJk lanerako mahai bat nahi du

EAJk, berriz, kezka azaldu du Oxirondoko azoka moldatzeko obra egingo delako kudeaketa zehaztu gabe. "Udal Gobernuak duela bi aste azokarako duen proposamena azaldu zigun eta martitzenean batzorde berezitik pasatu zen. Bertan, lehen sektoreari bultzada bat emateko azokan sortuko duten denda eta tabernari buruzko informazioaren berri eman ziguten; ondoren egindako lan bileran aspektu teknikoen berri ere jaso genuen. Kudeaketaren inguruan galdetu dugunean, ordea, ez dugu erantzunik jaso. Inbertsioak 400.000euro inguruko aurrekontua izango du eta oraindik ez da definitu zein izango den denda edo espazio horren kudeatzailea, zein baldintzatan egingo den esleipena, nori bideratuta egongo den…", adierazi du, ohar bidez, EAJko bozeramaile Maite Agirrek. Hori horrela, jeltzaleek hainbat galdera egin dituzte: "Edonork kudeatu ahal izango du? Denda handiak aurkeztu ahal izango dira? Herriko baserritarrak? Zein baldintzatan? Baldintza ekonomikorik egongo da?".

EAJk azpimarratu du ez dela kudeaketaren gaineko lanketarik egin: "Larria iruditzen zaigu Udal Gobernuak diru publikoarekin egiten duen erabilera. Halako proiektu batek kudeaketa plan bat zehaztuta izatea beharrezkoa da, irizpideak aldez aurretik zehaztea ezinbestekoa da. Obra egin eta ez bada inor ere aurkezten? Nola bermatuko da planteatzen diren helburu eta asmoak beteko direla?". Hau guztia aintzat hartuta, jeltzaleek eskatu diote Udal Gobernuari proiektu honen etorkizunerako lan mahai sortu dezala, gardentasuna bermatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak