EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle da Bergaran bizi den Iker Badiola ondarroarra, baita unibertsitate bereko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioko arduradun ere. Zelulen senializazio mekanismoak ikertzen dituzte, eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko Alejandro Sanchez irakaslearen ikertaldearekin lankidetzan garatu duten nanopartikula baten formulazioa Estatu Batuetan probatuko dute.
Hain zuzen, metastasi hepatikoa txikitzeko baliagarria den nanopartikula bat garatu dute; %80ko eraginkortasuna izan du saguekin egindako probetan. EHUk patentatu ostean, Nanokide Therapeutics SL enpresari transferitu zitzaion formulazioa –Badiola bertako bazkide sortzaile da–, eta Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalaren Minbiziaren Institutu Nazionalak egindako azterketa aurreklinikoen programara aurkeztu zuten garapena. Unibertsitateak jaso duenez, hautatu egin dute laborategi homologatuetan proba aurreklinikoak egiteko, "hautaketa-prozesu zorrotz bat" gainditu ostean.
Lorpenaren garrantzia
Iker Badiolak EHUk zabaldutako oharrean lorpenaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, bai alor zientifikoari dagokionez, baita enpresa ikuspegiari dagokionez ere: "Ikuspuntu zientifikotik, munduko erakunde zientifiko garrantzitsuenetako batek bermatu du, eta, enpresaren ikuspegitik, Nanokide Therapeutics SLren proiekzioa bultza dezakeen kalitate-ziurtagiria da".