Arrondoren nahia pentagraman islatu du Gonzalez Chirlaquek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 15a, 09:46
Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Jose Mari Arrondo, Boluko zelaia zenaren lekuan. (Argazkia: I.A.A.)

Boluari eskainitako martxa sortzeko proposamena egin zion Jose Mari Arrondok Alfredo Gonzalez Chirlaqueri, eta hark 'Boluko zelaia' konposatu du; Santa Marina jaietan estreinatuko du Bergarako Musika Bandak, zuzendari ohiaren gidaritzapean.

Bergarako Musika Bandan arrastoa utzi duten bi gizon dira Alfredo Gonzalez Chirlaque eta Jose Mari Arrondo. Batak berrogeita hamalau urte egin ditu bandan, horietako hogeita hamahiru zuzendari; besteak, berriz, guztira, hirurogei urte eman ditu tronpa jotzen, eta hogeita hamabost urtez talde bateko bateria-jotzailea ere izan da. Gonzalez Chirlaquek honela dio: "9 urterekin bandan sartu nintzenean, Arrondo bazegoen, eta nirekin batera erretiratu da. Nire bidelaguna izan da".

Dena den, musika zaletasunak lotzen baditu ere, ez da amankomunean duten gauza bakarra, Bolua auzoak bientzat esanahi berezia baitu. Arrondoren proposamenetik sortu du zuzendari ohiak domekan Santa Marinako festetako kontzertuan estreinatuko den Boluko zelaia martxa.

Proposamenetik errealitatera

"Betidanik izan gara lagunak, eta zerbait falta zitzaidan. Behar nuen hori Boluari eskainitako pieza bat zen", dio Arrondok. Hogeita hamabost urte daramatza bertan bizitzen. Gainera, auzoko Santa Ana festen sortzaileetako bat dela aitortu du.

Alfredo Gonzalez Chirlaque: "Haurtzaroan asko jolasten ginen Boluan; oroitzapen politak ditut"

Gonzalez Chirlaqueri egin zion martxa sortzeko proposamena, eta hark "maitasun handiz" hartu zuen eskaera, beraren haurtzaroko jolasleku izan baitzen Bolua: "Asko jolasten ginen Boluko errekan, gaur egun Aranerreka den horretan. Urte haietako oroitzapen politak ditut". Bolua auzoari eta bere bidelagunari eskaini dio pieza. Horregatik, Arrondok aurreratu du txupinazoarekin eta martxarekin hasiko direla aurtengo Santa Ana festak.

Aurkezpena, domekan

Santa Marinako jaien barruan kontzertua eskainiko du Bergarako Musika Bandak Udal Pilotalekuan, domekan, 12:30ean. Ordubete lehenago, ordea, kalejira egingo du. Boluko zelaia martxarekin emango zaio hasiera frontoiko ekitaldiari, eta Gonzalez Chirlaquek zuzenduko du banda aurreneko abesti horretan. Horren ostean etorriko dira Euskeria, How to train your dragon, Algona Overture, Soca nahiz Daft punk medley abestiak eta Enrike Txurrukak hartuko du batuta. Eskerrak eman nahi izan dizkio zuzendari ohiak Txurrukari eman dion laguntza guztiagatik.

Domekara begira, hunkituta agertu da Gonzalez Chirlaque: "Ilusioa egiten dit banda berriz zuzentzeak. Entseguetara itzuli naiz. Oso pozik nago Bergarako Musika Bandarekin estreinatuko dudalako nire lana. Hala ere, nire ilusioa izango litzateke Jose Mari nire ondoan jotzen egotea, baina ez da posible". Dena den, frontoian izango dela baieztatu du Arrondok.

Bertaratzen direnekin batera entzungo du aurrenekoz Arrondok berak eskatutako pieza: "Alde batetik, sorpresa izango da, baina, bestetik, ez. Oso ondo ezagutzen dut Alfredo, eta badakit nondik joango den. Bestetik, nire semeak ere bandan jotzen du, eta entseguetan izan da, noski. Hala ere, ez dit ezer kontatu. Ez dut jakin nahi izan".

Etorkizunera begira

Banda utzita badago ere, Arrondok odolean darama musika, eta hitz bakarrak deskribatzen du haren zaletasuna: "Bizitza".

Nahia errealitate bihurtuta, orain, beste helburu bat du etorkizunera begira. "Orain posible da eta bandako bazkide egin behar dugu", adierazi dio Arrondok lagunari.

Banda, Antzuolako jaietan

Asteburu biribila izango da Bergarako Musika Bandarentzat. Domekan herriko Santa Marina jaietan parte hartzeaz gain, Antzuolako festetan eskainiko du emanaldia zapatuan. Urtero egiten duten kontzertua berreskuratuko dutela azaldu du Enrike Txurruka zuzendariak. 11:30ean izango da kalejira, eta, ordubete geroago, 12:30ean, izango da kontzertua Zurrategiko kioskoan.

Antzuolako Arrola mendi taldeak berrogeita hamar urte bete ditu aurten, eta ekainean aurkeztu zuten Alborada txistulari taldeak eta herriko abesbatzak Jose Ramon Vitoria arrasatearrak konposatutako Arrola ereserkia. Oraingoan, Bergarako Musika Banda gehituko zaie. Hori izango da kontzertuan joko duten aurreneko pieza. Txurrukak gaineratu du martxa Jose Inazio Jauregi Barberito-ri eskainia dela, bereziki, hura izan baitzen Arrola mendi taldeko txistulari taldearen sortzaile eta bultzatzaile.

Domekako kontzertuko errepertorio bera izango da, emanaldi hasierako kantua kenduta; Arrola musikatuko dute Boluko zelaia-ren ordez.

Boluko zelaia-ren azken notak eta Jose Mari Arrondori egindako eskaintza. (Argazkia: Idoia Aranbarri)

Boluaren iragana eta oraina jasota

Hainbat zatitan dago banatuta Boluko zelaia martxa. Sarrerak Boluko erreka Santa Ana parkea gurutzatzen deskribatzen du, ermita eta Errotalde jauregiaren ondotik. Ondoren, bi zati datozela aurreratu du Gonzalez Chirlaquek: "Lehen zatian biribilketa bat entzuten da, eta Santa Anako festetako giro hori antzematen da. Bigarren zatian, Boluko zelaian zentratu naiz. Pare lasaiagoa da eta garai hartako Boluko zelaia islatzen du". "Indartsu" amaitzen da pieza, gaur egungo auzoko egoerari erreparatzen dio.

Haurtzaroan Bolun igarotako oroitzapen politak ditu zuzendari ohiak: "Uste dut nire belaunaldiko herritarrok asko baloratzen dugula paraje hartaz gozatu izana. Garrantzia ematen diot ibaiak eta halako inguruak zaintzeari, gaur egungo haur nahiz gazteek horietaz gozatu dezaten, guk egin genuen bezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak