Arrizuriagaren etorkizuneko "kultur erabilera" adosteko prozesua martxan da

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko uzt. 13a, 19:02

Kultur eragileak uztailaren 12an egindako bisitan. (Argazkia: Bergarako Udala)

Jauregia herri mailan egon daitezkeen dinamika ezberdinen gune izatea du helburu Bergarako Udal Gobernuak. Erabilera "herritarrekin batera adostua" izango da, eta atzo, uztailak 12, lehen batzarra egin zuten kultur eragileekin. Gainera, emakumeentzat espazio bat ere aurreikusten dute bertan.

Arrizuriaga jauregiaren eraikina egonkortzea eta emango zaion erabilera zehaztea jasotzen da Bergara izan, bizi, ekin planean. Eraikinak "kultur erabilera" izatea nahiko luke Udal Gobernuak. Halaber, emakumeentzako gunea ere izango da jauregia, eta azaldu dutenez, herriko emakume eta emakume taldeekin batera adostuko dira espazio horren helburuak, zereginak, dinamikak...

Bilera irekiak

Irailaren bigarren hamabostaldian Arrizuriagaren kudeaketa eredua eta espazioaren erabilera aztertuko dituzte. Horretarako bilera irekiak egingo dira. 

Atzo, uztailak 12, prozesua hasi aurreko bilera bat egin zen kultura eragileekin. Bertan egindako ekarpenak eta zalantzak jaso zituzten udal ordezkariek, eta iraileko bileran landuko dira. Jauregira bisita ere egin zuten bileran parte hartu zutenek.

Lanak aurrera doaz

Maiatzean hasi ziren eraikina egonkortzeko lanak, eta bost hilabetetan amaitzea aurreikusten dute. Eusko Jaurlaritzaren ondare izendapena dauka jauregiak, eta honenbestez, baldintza batzuk bete behar ditu eraberritzeak, hala nola, kanpoko itxura mantentzea. Egonkortze lana Goitu Eraikuntzak SL enpresa egiten ari da, 547.964 eurotan (BEZ barne) esleitutako aurrekontuarekin.

Arrizuriaga jauregia barrutik. (Argazkia: Bergarako Udala)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak