Arrizuriaga egonkortzeko obren barruan, arbelezko estalki osoa berrituko da. Fatxadari dagokionez, finkatze, konpontze eta garbitze lanak egiteaz gain, egoera txarrean dauden arotzeriak eta hondatutako beirak ordezkatuko dira. Barrualdean, egoera txarrean dauden zeramikazko trasdosatuak eraitsi egingo dituzte, eta euskarri ez den banaketa oro eta zoladura arinak –kautxua eta biniloak– kendu egingo dira solairu guztietan. Hala, solairu bakoitzean espazio huts bana sortuko dute.
Milioi erdi pasako aurrekontua
Alkateak 2022ko martxoaren 24an emandako dekretu bidez erabaki zen Arrizuriaga eraikinaren inguru osoan obrak egitea, eta zero kotarainoko lanak egitea. Hala, Arrizuriaga eraikinean –kultura-jardueren erabilera anitzeko espazio gisa– erabilera berriak integratzeko lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresari esleitu zitzaizkion 547.964 eurotan (BEZ barne).
Partaidetza prozesua jarduerak erabakitzeko
Eraikinaren lanak hastearekin batera, bertan ezarriko diren jarduerak erabakitzeko prozesua diseinatzen hasi da Udal Gobernua. Asmoa da partaidetza prozesu baten bitartez lantzea eta erabakitzea. "Epe laburrean" emango dute prozesuaren berri.