San Martzial: bueltan dator bergararren urteko erromeriarik kutunena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 29a, 09:42

San Martzialgo erromeria, 2019an.

Bihar, ekainak 30, izango da San Martzial eguna eta, beraz, domekan, uztailak 3, ospatuko dute bergararrek urteko erromeriarik kutunena San Martzialgo zelaian. Egitarauan nobedade aipagarririk ez badago ere, herritarrak bereziki gogotsu daude pandemiak eragindako etenaren osteko lehen erromeria izango delako. Ohi moduan, Bergarako Udalak natura errespetatzeko dei egin du.

Bergarako Udaletik San Martzialgo zelaia eta inguruak zaintzeko eta errespetatzeko dei egin dute: "San Martzial herriko altxor baliotsua da eta guztion ardura da altxor hau zaintzea".

San Martzialgo ermita hesiz inguratuta, joan den astean.

Ermita, hesiz inguratuta

Azken asteotan hesiz inguratuta dago San Martzialgo ermita. Bergarako parroko Jon Molinaren arabera, baina, ekainaren 30ean eta uztailaren 3an ez da hesirik egongo: "Teilatuko teila batzuk arriskutsu daude eta horregatik dago ermita hesiz inguratuta. Hori bai, ospakizun egunetarako ez da hesirik egongo". Bihar, ekainak 30, 07:30ean elkartuko dira fededunak Santa Marinan, letania abestuz San Martzialera oinez igotzeko: "2020an igoera egin genuen baina mezarik ez genuen ospatu eta iaz ohiko egitaraua ospatu genuen. Aurten, baina, ohiko egitaraua ospatuko dugu, San Joxepe elkartekoen txokolate bero eta guzti. Espero dugu aurten pandemia aurreko jende kopuruetara hurbiltzea".

Autobusez igotzeko dei egin du Udalak

Domekan Herribusaren zerbitzu berezia erabiltzeko dei egin dute Udaletik. 9:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era etengabe egongo da autobusa; geltokiak Oxirondo plazan eta San Martzialen izango dira. Beraz, San Martzialerako bidea trafikorako itxita egongo da 10:00etatik 11:00etara eta 21:00etatik 22:00etara; eta egun horretan ezingo da zelaira autorik sartu, bertara generoa daroatenak izan ezik.

Aldez aurretiko erreserbatan zintarik ez jartzeko eskaera

Bestetik, honako ohar hau ere zabaldu du Udalak: "San Martzialeko erromeria egunerako zelai-gunea eta ingurua txukuntzeko lanak egin behar izaten dituzte Udaleko langileek urtero. Hori dela-eta, herritarrek mahaia jartzeko erreserbatuta zituzten guneetako zintak kendu egin behar izan dituzte lan horiek aurrera eramateko. Hurrengo urteetara begira ere herritarrei eskatzen zaie zintarik ez jartzeko, udaleko langileek berdin jokatu beharra izango dutelako".

Argazki "erraldoia", Larramendiko "erraustegiaren" aurka

San Martzialgo erromerian ohikoa denez, aurten ere argazki "erraldoia" aterako dute 13:00ak bueltan. Larramendiko Arnasa taldeak aurreratu duenez, "erraustegiaren" aurkako argazkia izango da aurtengoa, Erraustegirik ez! Ez hemen, ez inon lelopean aterako dutena. Adierazi dutenez, dirua lortzeko banderatxoak eta zozketa-txartelak ere salduko dituzte.

Mugimendu Sozialistaren txosna

Kantina eta txosna jarri ohi dituzte San Martzial jaietan. Bada, aurten txosna Mugimendu Sozialistari egokitu zaio. Ikasle Abertzaleak-ek eman zuen txosna hartzeko izena eta tokatu egin zitzaion. Lan eta txanda banaketan mugimendu sozialistako antolakundeek hartuko dute parte eta baita laguntzeko prest dagoen edonork ere. Txosna egun guztian egongo da zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak