"Tapia legearen" aurka egiteko eskatu dio Debagoieneko Ezker Anitzak Bergarako Udalari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 20a, 17:56

Larramendi industrialdeko 'H' partzela, Wolfratex aurrean.

Debagoieneko Ezker Anitza taldeak mozio bat erregistratu zuen ekainaren 17an Bergarako Udalean, Eusko Jaurlaritzak ekainaren 13an Valogreene enpresari emandako ingurumen baimenari helegitea jarri eta "Tapia Legearen" aurka egin dezan. Lehen eskaerari dagokionez, Udalak joan den astean iragarri zuen Jaurlaritzak bide administratiboa itxi ziola azken helegitea bertan behera laga ondoren, eta aurrera begira zein urrats eman aztertzen ari direla.

Debagoieneko Ezker Anitza taldeak "hainbat gogoeta" egin ditu Larramendiko auziaren bueltan. Zalantzan jarri dute, besteak beste, planta berri horren ezinbestekotasuna: "Hondakinak kudeatzeko errausketa-prozesuen aurka agertu gara beti, prozesu horiek denborarekin kutsagarriak direla erakusten dute-eta beti, baina askoz larriagoa iruditzen zaigu instalazio hori jendea bizi den guneetatik gertu egotea. Instalazio hori ezinbestekoa bada –eta hori ere zalantzan jartzen dugu–, gutxienez haren kokapena ez da egokia".

Erakundeena arteko eskumen banaketaren aurkako "eraso garbia"

"Udalaren autonomiaren aurkako erasotzat" jo dute, era berean, "Tapia Legea" moduan ezaguna dena: "Udalaren autonomiaren eta erakundeen arteko eskumen banaketaren aurkako eraso argia da. Gure ustez, Bergarako Udala edo Jaurlaritza, bietako bat ere ez dago bestearen gainetik; berdinak dira, eskumen ezberdinekin".

Lau eskaera nagusi egin dituzte Bergarako Udalean erregistratu duten mozioan:

  • "Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper BC SL enpresari emandako ingurumen baimenak, Bergarako Larramendi industrialdea kokatu nahi duenak, Udal Administrazioaren berezko eskumenen aurka egiten duela adierazten du.
  •  Bergarako Udalak, bere eskumenak defendatzeko, konpromisoa hartzen du ingurumen-baimen horren aurka errekurtsoa Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta, udaleko txosten teknikoak kontuan hartuta zuzendu ezean, auzitegien aurrean. 
  • Bergarako Udalak uste du ingurumen-baimen hori ez zela emango Tapia Legea deiturikoa gabe eta, beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio bere indargabetzea, udalaren eskumen propioen aurkako erasoa baita. 
  • Eusko Jaurlaritzak Tapia Legea indargabetzen ez badu, Bergarako Udalak konpromisoa hartzen du eskumena duten auzitegietan salatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak