Ekinez jaialdia: bigarrena egiteko lehengaia badago

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 17a, 12:42
Jaialdiko une gorenetako bat bizi izan zen Arrasateko Des-kontrol taldearen Duintasunez eutsi abestian. Argazkia: Ekanda ekoizpenak.

"Erabateko arrakasta" izan da Agorrosingo belar naturala agurtzeko modurik aproposena izan den Ekinez jaialdia; 4.200 bat lagun egubakoitzean eta 4.500 inguru zapatuan eta intzidentziarik gabe, antolatzaileak gogotsu daude bigarren baterako, ahal dela Bergaran.

"Arrakasta hitzak definitzen du Ekinez jaialdia. Arrakasta, zentzu guztietan; agertokian izan diren taldeen kontzertuak bakarrak izan dira, musikariek dena eman dute oholtza gainean eta publikoaren erantzuna sekulakoa izan da. Uste dugu ekarri ditugun taldeekin bete-betean asmatu dugula eta artisten feedbacka espero genuena baino askoz hobea izan da; oso-oso pozik eta eskertuta utzi zuten Agorrosin". Hitz horiekin baloratu du Ekinez kultura elkarteko Julen Iñarrak Agorrosinen lehenengoz antolatu den jaialdi erraldoia.

Zapatuan, 4.500 ikusle inguru

Datuak ez dira gutxiagorako. Euskal Herriko punk-oi! mugimenduan "erreferente" diren 18 musika talde eta egubakoitzean zein zapatuan 4.000 lagundik gora Agorrosingo futbol zelaian. "Egubakoitzean 4.200 ikusleren bueltan ibiliko ginen eta zapatuan 4.500 lagun inguru izan genituen; lehen edizio bat izateko eta izan ditugun baliabideetarako, datua izugarria da. Uste dugu horrek esan nahi duela orain arte bere lekua izan ez duen kaleko musika alternatiboaz gozatzeko sekulako interesa dagoela", deritzo Iñarrak. Beste ediziorik egingo den galdetuta, Iñarrak dio halako harrerak indar handia ematen diela bigarrenari begira lanean jartzeko: "Hasieratik esan izan dugu ez dugula nahi Ekinez izeneko abentura jaialdi honekin amaitzea, eta lehen edizio honek indar handia ematen digu bigarrenari begira jartzeko. Balorazio bilerak egingo ditugu, baina oso gozoa da ahoan dugun zaporea".

Julen Iñarra (Ekinez kultur elkartea): "Balorazio bilerak egiteke, oso zapore gozoa dugu ahoan"

Intzidentziarik ez apenas

Halako jendetza batuta ere, apenas egon da intzidentziarik: "Anbulantziek apenas izan dute lanik eta segurtasun aldetik ere ez da ezer aipagarririk gertatu". Taldeen arteko aldaketak "nahiko azkarrak" izan ziren eta zuzenekoetako giro beroa apur bat hoztu zen uneren batean, etenaldi motz batzuk izan ziren-eta argindarrarekin. Gainerakoan, "dena borobil" irten zen.

Askotariko "marka alternatiboen" azokak oso harrera ona izan zuen. Argazkia: Imanol Soriano.

Agertokia izan bazen ere jaialdiaren bihotza, askotariko "marka alternatiboen" azokak "oso ondo" funtzionatu zuen, eta baita edariak eta jana saltzeko barrek ere. Eta, jende askorik erakarri ez bazuten ere, zuzeneko DJek ere giro ederra jarri zuten. Izan ere, Agorrosin horren espazioa zabala izatera, ikusleek aukera izan dute nahi zuten tokia hartzeko; zapatuan euri apur bat hasi zenean, esaterako, harmailak goraino bete ziren, futbol partidu baten sekula edo oso gutxitan ikusi den irudia utzita: "Eskerrak euriak ere ez zigun arazorik sortu...".

Udala ere, "eskertuta"

Udalaren partetik ere erantzun ona jaso dute antolatzaileek: "Eskertu egin digute halako jaialdi bat antolatu izana eta oso pozik geratu dira". Esker on mezua ere badute: "Barretan lanean aritu direnak, segurtasunaz arduratu direnak, azken orduko ezustekoei aurre egiten lagundu digutenak, hornitzaileak... Doakiela gure eskerrik beroena".

Elorrioko Iheskide taldearen zuzenekoa, zapatuko seigarren taldea. Argazkia: Ekanda ekoizpenak.

Iragana, oraina eta etorkizuna

Iraganetik itzuli diren taldeak izan ziren; tartean, Aretxabaletako Neallta Fola eta Ondarroako Jonny Gerriwelt. Bi talde horiek ez daude ohituta halako agertoki handietara –duela 15 urte ez zen halako jaialdirik antolatzen–, baina igarri zen, gorabeherak gorabehera, emanaldia ondo prestatu eta mimatu zutela. Publikoan talde horiek sekula ikasi bako gazte asko, eta gozatu ederra hartu zuten. Bestalde, egun bogan dauden taldeek argi utzi zuten sasoiko daudela; egubakoitzean, Unidad Alavesa, Rotten XIII eta Kaleko Urdangak taldeenak izan ziren emanaldi jendetsuenak –Barne Gudaren azken kontzertuan ere jende askotxo egon zen–.

Kaleko Urdangak taldea egurrean, egubakoitzean. Argazkia: Ekanda ekoizpenak.

Zapatuan, berriz, bereziki Des-kontrol eta Brigade Loco taldeek eragin zuten eromena publikoaren artean; Brigade-k era hunkigarrian itxi zuen jaialdia, Mikel Ugalderi eskainitako Frontkick-en We are gonna be together bertsioa jota. Eta, amaitzeko, talde gazteak ere izan ziren protagonista, antolakuntzak bereziki zaindu zueneta harrobia: No Limits, Pubic Enemy eta Alerta Gorria taldeek nekez ahaztuko dute Agorrosinen bizi izandakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak