Laboratoriumeko udako eskaintza aurkeztu du Udalak, eta izen-emate epea amaitzear dagoela gogorarazi

Danel Alvarez Davila 2022ko eka. 15a, 16:16

Laboratoriumen udako programarako apuntatzeko epea amaitzear dela gogorarazi nahi izan du Udalak, ekintzen programa aurkeztu duen aldi berean.

Bergarako Udalak hamaika alde dituen zientzia campusa antolatu du udarako. Askotariko jarduera dibertigarri eta didaktikoak eskainiko dira bertan. Bertaratuko diren haurrei eta familiei informazio zehatz eta interesgarria eman ahal izateko, ekintza bakoitza bere gidari adituaren eskutik burutuko da.
Jarduera gehienen izen-ematea ekainean zabaldu da, eta laster iritsiko da epea.

 

Zortzi ekintzaz osatutako programa

Honako ekintza hauek osatuko dute campusa:

  • Campus teknologikoan, 3D inprimaketa eta mikro:bit bidezko elektronika ikusiko dira astebeteko tailer honetan. 3D diseinuak eta eredu digitalak plastikozko pieza bihurtzeko beharrezko prozesuak landuko dituzte. 12 urtetik gorako haurrentzat zuzenduta dagoen tailer hau ekaineko azken astean egingo da.
  • Beste jarduerek gehienez ordubeteko iraupena edukiko dute. Levanteko labar arteak, hala ere, 2 ordu baino gutxiago iraungo du. Historiaurreko arbasoek bezala margotzeko aukera eskainiko zaie 8 urtetik gorako haurrei eta haien familiarrei. Ekainaren 28an 10:00etan eta 17:00etan izango da, eta unibertsitateko historiaurreko ikerlariek gidatuko dute ekimena.
  • Ekainaren 29an, eguerdiko hamabietan, mikrometeoritoen tailerraren txanda izango da, Aranzadiko astronomoen laguntzarekin 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutakoa. Besteak beste, dinosauroen desagerpenaren zergatia, ozar-izarren osaera, meteoritoen, meteoroen eta meteroideen arteko desberdintasunak edota mikrometeoritoen kokapena aztertuko dira.
  • Zientziaren sukaldea kimikaren munduan murgiltzeko pentsatuta dago. Hainbat esperimentu kimikorekin gure ingurunean zein gure barnean gertatzen diren aldaketa harrigarriak ikasiko dituzte bertaratutakoek, zientzia egunerokotasunera hurbilduz. Uztailaren 4an eta 6an 10:30ean izango da, Laboratoriuemeko laborategian, eta 8 eta 12 urte bitartekoentzat bideratuta dago.
  • Ilustrazio botanikoa urteetan antolatu da, eta aurtengo gaia polinizatzaileena izango da. Ezagutza behar da polinizazioak eta polinizatzaileek ingurumenean duten garrantziaz jabetzeko, eta marrazketa tresna ezin hobea da horretarako.
  • Aurreko urteetan bezala, gaztetxoek Errekaldeko lorategian ibiliko dira ikusten dutena marraztuz. 6 eta 12 urte bitartekoek natura zientzialariak bezala ikusteko abagunea izango dute uztailaren 5ean, 10:00etan, zientzialari gazteen eskutik.
  • Gau epelak aprobetxatzeko, uztailaren 7an, 21:00etan, ultrasoinuen detektagailuekin saguzarrak behatzera atera ahal izango da Naturtzaindia Elkarteko kideen eskutik eta Mendiak Bizirik elkartearen laguntzarekin. Familiei zuzenduta dago ekintza hau.
  • Azkenik, Uluburu itsasontzian ur azpiko indusketa arkeologikoa. Duela ehunka urte hondoratu zen itsasontzi baten ur azpian dauden objektu eta bitxiak aurkitu eta berreskuratuko dituzte haurrek, ondoren aztertu eta sailkatzeko, uztailaren 8an, 09:00etan, Agorrosingo igerilekuan.

 

Izen-emate epea bukatzear, leku gutxi soberan

Bergarako Udaletik gogorarazi nahi dute eskaintzan izena emateko azken lekuak geratzen direla, eta izena emateko epea laster amaituko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak