Casado Arsuagaren figuratik, Aroztegira

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 10a, 12:15

Luis Candaudap eta Txus Melendezen marrazkiak izango dira ikusgai Aroztegin. (Argazkia: T.M.)

Bergaran ikusiko du argia aurrenekoz Luis Candaudapen eta Txus Melendezen 'JLC (Dibujos-Marrazkiak)' erakusketak; Jose Luis Casadoren figura du oinarrian, eta hainbat istorio kontatzen dituzten berrehun marrazkitik gora egin dituzte irailetik hona.

Luis Candaudapen eta Txus Melendezen JLC (Dibujos-Marrazkiak) erakusketa izango da ikusgai gaurtik ekainaren 26ra bitartean Aroztegi aretoan. Bergaran jarriko dute lehendabizikoz berrehundik gora marrazkik osatzen duten obra; tartean koadro batzuk eta oihalak ere badaude. Bi artistak EHUko Arte Ederren Fakultatean lizentziatuak dira. 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean erakusketetan parte hartzen zuten eta ez diote pintatzeari inoiz utzi. Nork bere bidea egin badu ere, elkarlanean ere aritu dira urte hauetan.

Erakusketa hurrengo ordutegian bisitatu ahal izango da: martitzenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:30era; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Beste lan bat abiapuntu

Herrian aurkeztuko duten erakusketaren oinarrian, Jose Luis Casado Arsuaga Arte Ederren Fakultateko irakasleak eginiko koadro bat dago. Txus Melendezek adierazi du "keinu bitxia" igarri ziola Luis Candaudapek bientzat ezezaguna zen Casado Arsuagaren koadro bateko figurari: "Poseagatik, keinuren bat eskuan, pintura modernoaren aitzindari batzuk ere ikusi zituen; Picasso, adibidez. Haren figura batzuekin erlazionatu genuen. Ideia tuntuna zirudien hasieran, baina gero, fintzen joan ginen".

Candaudap marrazten hasi zen Casado Arsuagaren lana abiapuntu hartuta, eta marrazkiak Melendezi bidali zizkion. Hor hartu-emana sortu zen eta biak koadroen figurarekin hasi ziren lanean. Txus Melendezek gaineratu du "paraleloan halako segida bat" egin dutela, irudiak gurutzatuz: "Batak bestearen iruditik zerbait hartu du edo errepikatu egin du bestearen marrazkia. Elkarbanatu egin ditugu gure irudiak, eta elkarrizketa modukoa izan da". Melendezek baieztatu du Casado Arsuagaren lana ere izango dela ikusgai Aroztegin.

Jose luis Casado Arsuagaren figura. (Argazkia: J.L.C.)

Hamaika istorio kontatzeko

Melendezek dioenez, norberak sortu ditu istorioak, kezkak, gorrotoak, haserreak eta zailtasunak, besteak beste. Halaber, Casadoren obratik abiatuta familiak osatu dituztela dio: "Akrobatak, gerra zibila, Mundu Gerra, Ukrainako gerra, Lenin errepikatzen da, Stalin, Franco eta errege emeritua... Elementu horiek guztiak agertzen dira".

Xabier Agirre lagun

Xabier Agirre artista bergararra ezaguna dute Melendezek eta Candaudapek, duela hogeita hamar urte baino gehiagotik: "Lankidea izan dugu unibertsitatean, hura irakaslea izan baitzen". Gainera, "hamar urte luzez" Bilbon hirurak tailer berean pintatzen aritu zirela aitortu du Melendezek: "Gero, nor bere aldetik joan zen, baina lagunak gara".

Aroztegi aretoan izan dira bi margolariak dagoeneko, eta sarrerako horman zerbait jartzea pentsatu dute agur moduan; aspaldiko koadro bat, hain zuzen ere, inoiz erakutsi ez dutena. Xabier Agirreren tailerrean egon zirenean aurkitu zuten behar zutena. 1992an bi protagonistek egindako lan bat zeukan gordeta bergararrak: "Oso polita da; gainera, elementu batzuk igartzen dira egin dugun horretan".

Lan hori osatu nahi izan dute. Horregatik, laguntzeko Melendezek dioenez, Luisek koadro bat egin du, eta hark ia duela bi urte egindako margolan bat hartu du tailerretik: "Aretoaren sarreran, hirukotea jarriko dugu agurtzeko, eta ondoren, familia guztia".

A5 tamainako papera, nagusi

Candaudap eta Melendez 2021eko irailaren amaieran hasi ziren marrazten; egunero pare bat marrazki. Azken egunetan ere lanean ibili dira, erakusketa aurkeztu baino pare bat egun lehenago amaitu baitute koadroren bat.

A5 tamainako orrietan margotu dute. Dena den, badira A4 neurriko irudiak eta oihalean margotutakoak ere. Jatorrizko lana, Casadorena, bertikala denez, formatu hori lehenetsi dute, baina Melendezek adierazi duenez, "noiz edo noiz horizontalean" ere egin dute, "baita formatu irregularretan ere". Papera izan da nagusi bikotearen lanean, eta, ondorioz, hainbat teknikaz eginiko lanak ikusi ahalko dituzte Aroztegi aretora bertaratzen direnek. Egileek aurreratu dutenez, "arkatza, grafitoak, tinta txinatarra, akuarelak eta collagea" erabili dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak