"Oso pobre gaude; jarraipenik ez dugu eta lan asko dago egiteko"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 10a, 10:28

Koldo Eceolaza eta Pepita Letamendia, Bergarako Mariaren Lagundiko bi moja. (Argazkia: M.L.

223 urte igaro eta gero, Bergarako Mariaren Lagundiak agur esango du, abuztuan Iruneko zentrora lekualdatuko baitituzte; zazpi moja geratzen dira eta erabakia "penaz" jaso dutela adierazi dute Koldo Eceolaza eta Pepita Letamendia mojek.

223 urteren ostean, agur esango du Bergarako Mariaren Lagundiaren komunitateak. Hain zuzen, zazpi moja geratzen dira herriko komentuan, eta guztiak Irunera lekualdatuko dituzte abuztuan. Horietako bi dira Koldo Eceolaza oñatiarra eta Pepita Letamendia aizarnarra. Oñatiarrak berrogeita hamasei urte eman ditu Urduñan, eta duela seitik dago Bergaran; aizarnarra, berriz, hainbat komentutan egon da: Erroman, Valladoliden eta Donostian, besteak beste.

Eceolazak eguna atzeratzea espero du. Erabakia "konturatu gabe" etorri dela dio Letamendiak: "Duela hiru hilabete jakinarazi ziguten Irunera joan beharko genuela, eta bajoi handia eman dugu. Hartu duten erabakia onartu egin dugu. Orain ikusten dugu ez gaudela hemen jarraitzeko moduan".

Mariaren Lagundia, zergatik?

Hogei urte inguru zituztela erabaki zuten biek moja sartzea. Euren egitekoa etxeko-lanak egitea izan da, eta, oraindik, horretan jarraitzen dute. Oñatiarrak aitortu du hasieran ez zuela Mariaren Lagundia ezagutzen. "Nik ez neukan ikasketarik, baina mila etxeko lan daude egiteko. Berdin zitzaidan zer egin. Haurrekin ere ibili naiz jangelan. Oso gustura egon naiz". Letamendiaren kasuan, bi ahizpa zituen Jesus Maria komunitatean eta beste bat Mariaren Lagundian: "Nire ahizpek bi aldeetara tiratzen ninduten. Azkenean, komunitate honek ateak ireki zizkidan, eta ez naiz damutu".

Jarraipenik ez

Erlijioa indarra galtzen ari dela nabaritu dute Koldo Eceolazak eta Pepita Letamendiak: "Lehen, moja berriak urtean hiru egunetan sartzen ziren. Horrek asko animatzen gintuen. Euskal Herrian oso pobre gaude. Atzetik ez datoz, jarraipenik ez dugu eta hor lan asko dago egiteko". Arrazoiaz galdetuta, ez dute erantzunik.

Haurrak, bizipoza

Ez dira irakasle lanetan aritu: "Erantzukizun handia da haur bat heztea gaur egun". Hala ere, egon diren lekuan egon direla, haurrak gertu izan dituzte beti. Horren adibide da Bergarako kasua ere, seiehun ikasle inguru baitaude Mariaren Lagundia ikastolan. "Guk ahizpa izatea erabaki genuen; beste batzuk, berriz, irakasle izan dira. Asko gustatzen zaigu haurrak ondo zaintzen ditugula esateak, guk ez zaindu arren. Indarrak ematen dizkigu horrek, hobeto tratatzen jarraitzeko".

Gainera, etxeko txikiek kalean ere ezagutu egiten dituzte. Eceolazak barrez kontatu du aurreko batean haur batek supermerkatuan ezagutu zuela eta amari moja zela esan ziola: "Horrek asko bete ninduen". Halaber, ikasleek ere badakite laster joango direla, eta "esnatu egin direla dirudi. Kalean kasu egiten digute, eta badirudi bizi garela".

Maiatzaren 21ean, Mariaren Lagundia ikastolako jaia ospatu zuten, eta bertan omenaldia jaso zuten mojek. Letamendiaren hitzetan, "zerbait berezia eta ona izan zen ekitaldi hura. Oso gertu sentitu gintuzten. Lehen, urtean behin elkartzen ginen meza egunean, eta eurekin egoten ginen, baina orain, haurrek jolastu egin nahi dute".

Agur, Bergara

Momentuz, irteera eguna abuzturako finkatuta daukate mojek, eta, lekualdaketarekin lotuta, bergararrak "dena ematen" ari direla diote: "Baina, aldi berean, herriari kosta egiten ari zaio gu goazela onartzea. Joateko eguna iristen denean, "irribarre eta otoitz batekin agurtuko ditugu bergararrak".

Hiru agur ekitaldi

Alde batetik, San Pedro egunaren bueltan San Pedro parrokian izaten den kontzertua Mariaren Lagundiko elizan izango da, ekainaren 18an. Bestetik, Musika Eskolak diploma banaketa eta azken jaia egingo ditu elizan, hilaren 21ean. Azkenik, Ikastolak aurreratu du agur ekitaldi ofiziala uztailaren 1ean izango dela; Udalak eta herriko zenbait eragilek hartuko dute parte.

Gotzon Iparragirre: "Jasotakoagatik eskerrak ematea dagokigu"

Gotzon Iparragirre Mariaren Lagundia ikastolako zuzendaria da, eta adierazi duenez, bazekiten erabakia lehenago edo geroago etorriko zela.

Nola hartu duzue albistea?

Zenbat dauden eta euren egoera zaurgarria dela ikusita, ez da sorpresa izan. Hala ere, albistea orain jasotzea ez genuen espero.

Komunitateak zer eman dio ikastolari?

Dena eman digute. Hazia eurek jarritakoa da, eta haiek hasitako lanari jarraitu diogu. Komunitatea murrizten joan da, eta harremanak ere puntualak izan dira, adinagatik. Jasotako guztiagatik eskerrak ematea dagokigu.

Pandemiak nola eragin du harremanean?

Azken bi urteetan, ez ginen ausartzen eurengana joaten, eta telefonoz hitz egin dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak